argia.eus
INPRIMATU
Sunsundegui likidatu eta ixtea proposatu diote epaileari, inbertitzaile baten “eskaintza bideragarririk” egon ezean
  • Inbertitzailerik agertu ezean, Iruñeko Merkataritza arloko lehen epaitegiari egin dio proposamena Molins eta Andres abokatu bulegoak, Altsasuko enpresaren hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak. Dumarey Belgikako taldeak fabrika erosteko saiakerak egin ditu urte hasieratik.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 26a
Nafarroako industriaren alde eginiko manifestazioa, Iruñean, otsailaren 16an. EITB albisteak

48,8 milioi euroko zorrari aurre egin behar dio Sunsundeguik, eta jada lau hilabete igaro dira Altsasuko karrozeria enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik. Dumarey talde belgikarraren interesa piztu du fabrikak, eta urte hasieratik hura erosteko saiakera bat baino gehiago egin baditu ere, oraingoz ez du "eskaintza bideragarririk" egin, hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak, Molins eta Andres abokatu bulegoak, asteburuan argitaratu duen txostenaren arabera.

Horren aurrean, abokatu bulegoak Iruñeko Merkataritza arloko lehen epaitegiari proposatu dio Sunsundeguik likidazioaren eta itxieraren bidera jotzea. Asteazken goizean biltzekoa da Altsasuko enpresako langile batzordea –UGTk, LABek, ELAk eta CCOOk osatzen dute–, egoeraren larritasuna medio. Bilerari dagokionez, LABek likidazioaren aurka egitea proposatuko du, eta negoziazio mahai bat sortzea konkurtsoaren administratzailearen, Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen artean.

Abokatu bulegoaren txostenaren arabera, hamazazpi enpresak agertu dute interesa Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan, baina bereiziki batek: Dumareyk. Ekainean Sodena sozietate publikoarekin harremanetan jarri zen, eta urtarril amaierarako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, baina oraindik ez du halakorik egin.

Nafarroako industriaren egoeraren adibide bat gehiago

Sunsundeguiko kasua Nafarroako industriaren egoeraren isla da: beste hainbat enpresa ere ixteko arriskuan daude, eta Nafarroako industriaren alde lelopean, otsailaren 16an Iruñean eginiko manifestazioak 4.000 pertsona inguru bildu zituen. Zazpi enpresa batzordetako langileek egin zuten deialdia: BSH, Sunsundegui, Siemens Gamesa, Nafarroako Volkswagen, Nano Automotive, Tasubinsa eta Tenerias Omega.