Egile eskubideen inguruko kanon ordainketak erabiltzaile eta egileengan eraginik txikiena izan dezan, liburutegi publikoekin negoziatuko duela esan du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuak onartutako lege-dekretuak liburutegiek liburuak erosteko duten diru-kopurua murriztu dezakeela uste du Kultura Sailak, Alberto Moyano kazetariak Diario Vascon jaso duenez.
Astelehenean onartu zuen Espainiako Gobernuak dekretua. Horren arabera, liburutegi publikoek tasa bat ordaindu beharko dute erregistratutako erabiltzaileengatik eta mailegatutako liburuengatik. Liburutegiek maileguan jarritako obra bakoitzarengatik 0,002 euro ordaindu beharko dute eta liburutegiko erabiltzaile bakoitzarengatik 0,05 euro.
Kultura sailak kanona “oso une txarrean” iritsi dela esan du, liburuak erosteko liburutegientzako dirua beherantz doanean. Hala ere, departamentuak argitu du ez dela EAEren kasua; 2013an 680.000 euro bideratu baitziren liburuak erostera eta aurten, aldiz, 820.000. Datorren urtean ere kopurua handituko dela diote.
Arazoa kanona zentro bakoitzak ordaindu beharra
Neurriak 5.000 biztanletik gora dituzten herrietako liburutegi publikoetan izango du eragina. Arantza Urkia Donostia Kulturako arduradunaren arabera, kanona zentro bakoitzak ordaindu behar izatean datza arazoa.
Izan ere, Urkiak azaldu du orain arte Espainiako Kultura Ministerioak liburu maileguengatik eskubide reprografikoen Espainiako zentroari ordaintzen ziola; baina kostua liburutegi bakoitzari aplikatu baino, aurrekontu orokorretan barnebiltzen zela. Gogoan izan du, esaterako, Donostia Kulturaren kasuan, Loiola, Lugaritz, Egia, Aiete, Ernest Lluch eta beste hainbat liburutegiren kudeaketaz bera arduratzen dela.