argia.eus
INPRIMATU
Zerbitzu publiko duinen aldeko protesta egiteagatik 13 gazte epaitegira Portugaleten
  • Portugaleteko zenbait gazte eragilek liburutegia sinbolikoki okupatu zuten ekainaren 2an, herrian antzematen dituzten zerbitzu publikoetako gabeziak azaleratzeko helburuarekin. "Aginteari desobedientzia" egiteaz akustatuta, Barakaldoko epaitegian deklaratu beharko dute parte hartu zuten hamahiru gazteek urriaren 14an.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko irailaren 29a
Herritarren beharrei egokitutako zerbitzu publiko eske okupatu zuten gazteek liburutegia. (Arg.: Topatu)

“Portugalete Publikorantz” kanpainaren baitan, zerbitzu publikoetako gabeziak salatzea zen protestaren helburua, uda aurreko azterketa garaiaz baliatuz. Deialdia Eraikitzen, Ernai eta Ikasle Abertzaleek egin zuten. Ekintzarekin bukatu nahi izan zutenean, identifikazioa erakutsi arte liburutegitik ateratzen ez zietela utzi azaldu dute.

Besteak beste, "eskaintza euskaldun zabalagoa" eta "liburutegiko ordutegi zabalagoa" eskatzeagatik epaituko dituztela salatu dute gazteek. Zerbitzu publikoekin benetan konprometitzea eskatu diote Udalari, "kalitatezkoak, anitzak eta herritarren beharrei egokituak” izan behar direla adierazita.

Halaber, herriko udaltzainen jarrera salatu dute. Horiek identifikatu zituzten gazteak eta auzi judiziala abiarazi. Udaltzaingoa “herritarren kontrako talde poliziala” ezin dela izan esan dute gazteek.

Ekainaren 2ko okupazioaren bideo-bilduma ikusgai dato Topatu.info-n. Bestetik, ondorengo prentsaurrekoa zabaldu dute epaituak izango diren gazteek: