Liburuak baino askoz gehiago

  • Kulturguneak: Kulturarako espazioen labealdi berri bat sortzen ari da: liburu-dendak dira, baina kulturgune gisa ulertuta.


2015eko otsailaren 19an - 13:08
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Irudia: Joseba Larratxe

Laurogei eta laurogeita hamarreko aldiek, gutxi gorabehera, gazte-denboran harrapatu zituzten euskal herritarren testigantzak entzun edo irakurtzean, batez ere kulturaren eta musikaren bueltan ari direnean, garbi gelditzen da gaztetxeak eta horien inguruko mugimendua giltzarria izan zirela zenbait kimuk loreak haz zitzaten, zenbait jendek elkar ezagutu eta batera konspira zezan, hitz batean, gerora etorri ginenontzat mitikoak izan diren zenbait kantu, talde eta zirkuitu gauza zitezen.

Betiko nostalgiak hartuta irakurtzen duzu Kafe Aleak liburua, enegarrenez klikatzen dituzu hitz jakin batzuk youtuben BAP!!-en abestiren bat entzuteko, eta ikusten duzu betiereko argazki hori, zuri-beltzean, Eneko Abrego kamisetarik gabe kantu-dantzan. Kontatzen dizute, berdin enegarrenez, nola osatu zuen Anarik taldea, eta ezten hori nahikoa mingarria ez balitz, Elgoibarko belaunaldi zaharragokoek akordura ekartzen dizute zuk ozta hamalau urte zenituela eraitsi zuten gaztetxe zaharra: hura bai zela eraikina. Erremediorik gabe bekaitzak aurpegia erreta, onartzear zaude, iragan garaiak hobeak izan zirela, Woody Allenen film paristarra ikusi zenuen arren, eta are inportanteagoa dena, iragana desloriatzen saiatu eta gaur eta hemen bizi diren helduagoak (asko!) ezagutzen badituzu ere.

Zergatik egokitu ote zitzaizun sasoi digital hain eroso eta etxetiar hau? Zergatik bere izaera pasiboa leporatzeko eta orobat egiten ez duen guztiagatik gaitzesteko baino aipatzen ez duten belaunaldi bateko kide izatea? Zergatik, gainera, anai-arreba, lehengusu, lagun zaharragoak etxean, euren disko/ kasete/fanzineak eskura? Zergatik horren denaren zale anakroniko bilakatzeko kondena?

Bada zaude lasai. Zuk ere izango baituzu ondorengoei zer leporatua. Aurreko paragrafoetan erabat bazter utzi baititut gaur egun ere kalean aurpegia eta ipurdia ipintzen ari direnak. Era berean alboratu baititut martxan eta mutatzen segitzen duten gaztetxeak, izenean berean daramaten target-taldea adinaren aldagaitik askoz harago doala frogatzen; are, gaztetxekide posiblea mugagabea dela aldarrikatzen. Eta, batez ere, ahaztu baitut gure sasoian eta azken urtean labealdi berri bat sortzen ikusi duen espazio-mota: liburu-dendak, kulturgune gisa ulertuta. Eta labealdi berria diot, tradizioa ere ez dutelako hain laburra gisako tokiek, eta ez nadin erori aurrekariak aintzat ez hartzearen akats monumental eta ez-estrategikoan. Urteak daramatzatelako lanean, besteak beste, Anti liburu-dendak Bilbon, eta Zuloa espazioak Gasteizen. Kultura, literatura eta pentsamendua preziodun pilulak besterik ez diren garai merkantilistetan, horiek saltzen dituzten guneek zerbait gehiago eskaini behar dutela sinetsita jarraitzen dutelako askok, pilulek jarrai dezaten kolpeak ematen, ez ditzaten gal euren balio pedagogiko, eragile eta iraultzaileak.

Horrela, izenetik beretik printzipioak adierazten dituen KaXilda (Casilda Méndez anarkistari oles) liburu-denda donostiarrak espazio berriko (espero dugunez arnas luzeko) ateak ireki ditu, aurten, urriaren hondarrean. Arroka kaleko seigarrenean izandako estreinako tokia apur bat tupustean bertan behera laga behar izan eta hainbat hilabetez txoko askoz txikiago batean ostatu hartu ondoren, Arrokako bigarrenean finkatu dute egoitza eder eta zabala. Aurretiaz eskatu eta itxaron gabe eskuratzeko zailak izan ohi diren liburuak braustakoan topa daitezke bertako apalategietan, eta artefakto ezezagunak deskubritu mostradorearen atzean jesartzen direnei esker. Modu bidezkoan kontsumitu daitezke otorduak eta kafealdiak, ezer hartu eta erosi gabe ere batu zaitezke han kideekin: josteko, hitz egiteko, hausnartzeko.

Iruñeko La Hormiga Atómica eraberrituta dator, halaber, Katakrak bihurtuta, hirian gauzatzea asmo duen aldaketa eta hausturari dagokion onomatopeia baliatu eta izanak eta izenak bat egin dezatela asmo. Crowdfunding kanpaina jarri zuten abian duela urtebete pasatxo, Kale Nagusiko berrogeita hamalaugarrenean begiz jo zuten gune itzela finantzatu eta auzolanean berritu eta egokitu ahal izateko. Gutxieneko diru-kopurutik gora lortuta, 2013ko abenduaren 30ean ipini zituzten martxan kantina, liburu-denda eta aurkezpen eta hitzaldi ororotarikoetarako erabil daitekeen gelatzarra (data hain mugakoa izanda, 2014ko urtekarian sartzea zilegi zela erabaki dut). Komunalaren ideia hasiera-hasieratik zuten buruan eta moduetan txertatuta, eta bestelako funtzionamendu hori garatzeko toki izan nahi du birika iruñearrak. Ez zaigu, ez, aise ahaztuko maiatzeko egun hura, Silvia Federici ekarri zutenekoa, komunalaren bideak erruz jorratu dituen pentsalari feminista.

Azkenik, Donostiara itzuli eta Easo plazatik Groseko Zabaleta kalera etorrita, espora berri bat hazi zuen Garoak uztailean, hogeita hamalaugarren zenbakian. Zarautzen luzez erreferentziazko liburu-denda izan dena eta izaten dirauena, Flor Illarramendik (senarra lagun) gobernatzen zuenean Jorge Oteiza eta Federico Krutwigen arteko topaketen lekuko izan zena, Illarramendiren seme diren Agirre anaiek hartu zuten orain ia lau urte. Paperezkoen kontzeptuarekin ekin zioten liburu-denda izandakoa ofizialki kultur laborategi bilakatzeko prozesuari, hitzaldiak, musikariak, zinema, lagunak eta antzerkia liburu artera ekarriz. Pauso bat aurrera egin eta hiriburura ere hedatu nahi izan dituzte ekimenok. Erakusketak, sofak eta lasai hitz egiteko aukera beheko solairu zuri-zuri eta espaziotsuan. Goikoan, aldiz, harrera beroa eta komite sekretu bateko kideek aukeratutako hamabi harribitxi literarioen mahaia, Laurence Cossé autore frantziarraren Au bon roman eleberria inspirazio, hilero-hilero aldatuz.

Bizi daitezela urte askoan. Eta zuk, belaunaldi- eta garaikide, osasunez urra, goza eta parteka ditzazula.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Urtekaria 2014
2015-02-24 | Gotzon Elizburu
Informazioaren kudeaketa gardena jendartearen demokratizaziorako bide

Hedabideak:  Sare sozialen garaian ere, boterea etengabe saiatuko da informazioaren monopolioa mantentzen. Espainiako Gobernuaren "Hiritarren Segurtasunerako Legea" da horren erakusgarri.


2015-02-23 | Andeka Larrea
Donostia 2016: hegemonia eta simulazioa

Kultur hiriburua: Denborak esango digu egitasmoaren hegemonia kultural berria eta simulazioa arrakastatsuak izan zirenetz.


Eguneraketa berriak daude