argia.eus
INPRIMATU
Iruñeko AZ ekimena
“Liburua auzolanean egin nahi dugu, Alde Zaharra ere horrela egiten dugulako”
  • Iruñeko Alde Zaharraren azken 40 urteetako herri mugimenduen historia bilduko duen liburua osatu nahi du bertako auzo elkarteak, auzoa ezagutarazteko eta indartzeko. "Altxor" zenbait bildu dituzte dagoeneko, eta orain liburua egin ahal izateko finantzaketa kolektiboko prozesua jarri dute martxan. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2021eko abuztuaren 19a

Duela bi urte abiatu zuten Auzolanean, historia idatziz proiektua. Alde Zaharreko gizarte eta kultura ondare immateriala berreskuratu, aztertu eta zabaltzeko interesa zuen talde eragile bat eratu zuten, 1976-2021 urteetako mugarri garrantzitsuenak biltzeko. Orain liburu bilakatu nahi dute hori. Txutxin Almingol da kideetako bat.

Auzoko memoria bizi hori erreskatatzen duen eta, aldi berean, gogoeta egiteko eta etorkizunera begiratzeko balio duen liburu bat egin nahi dute. Helena Bengoetxea, kazetari eta errealizatzaileak hartu ditu ikerketa, erredakzioa eta liburuaren diseinuaren ardura. 

Elkarrizketa entzun:

700 ale argitaratu nahi dituzte, eta aukera balego liburutik eratorritako hitzaldiak, jardunaldiak edota erakusketak antolatu. Hori posible egiteko finantzaketa kolektiboko prozesu bat jarri dute martxan, goteo.org webgunearen bitartez. Gutxieneko helburua 10.500 eurotan ezarri dute eta hiru egunetan 2.200 euro eskuratu dituzte. 38 egun geratzen dira ekarpenak egiteko.