argia.eus
INPRIMATU
Libertinajea eta lizunkeritza
  • Oraintxe dago loraldi betean, bere ia bi metrorainoko gara muturreko loretxo multzo zuri ikusgarrietan. Intsektu ugariren pozerako, zunburrun burrundara ederra aditzen da bere inguruan. Maiatzetik irailera zurtoin garai eta zurrunek lumazko korinboak dituzte, izar itxurako lore zurizta txiki ugariz osaturik. Urrutitik antzematen da; loreak bereziak dira, bikainak, dantzari arin eta mehe baten saltoaren tankerakoak; horrexegatik gero eta gehiago ikusten dira lorategietan.

Jakoba Errekondo 2023ko uztailaren 24a
\"Soro-erregina\" edo \"nasailorea\". Argazkia: Jakoba Errekondo / CC-BY-SA.

Basatiak lore zuri-laruak edo arrosa ttantta duten zuriak dira gurean. Lorategietarako hibridazioen ondorioz, lore arrosa eta ia gorriak ere sortu dira. Itxura bat da eta bestea usaina. Arbendolaren usain gozoa gogorarazten duen lurrun nabarmena du. Intsektuen erakarle nagusia hori izango da, inondik ere; batez ere euliak ikusten dira lorez lore dantzari.

Euskal Herriaren hegoaldeko lur lehorretan semelorea, semelilia edo burdilinda da zabalduena, Filipendula vulgaris; loreetan ttantta arrosakarak dituena. Ipar parteko lur heze eta astunetan, aldiz, nasailorea, soro-erregina edo aranetako erregina, Filipendula ulmaria; loreak zuri-laruak dituena.  

Azken hori dut auzoko. Nonahi ageri du orain buru loretsua errio inguruko belaze eta azakietan. Oso gogorra –15 °C-ra arteko hotza eraman dezake–; lurzoru hezea, astuna eta aberatsa du gustuko. Horregatik landare aproposa da erreka, arro, aldaparo, erreten, ur ustel edo urmael ertzak betetzeko, edo baita erriberetan utzitako soro aberatsak ere.

Baina nondik datorkio “nasailore” izena? “Nasai” hitzak esanahi ugari du. Pierre Lhande Hegi apaiz baionesaren 1926ko euskara-frantsesa hiztegian mordoxka bat ageri da: lasai, oinetako zabalak; oparo, janaria; libre, mugarik gabe; handi edo zabal, soinekoa; ugari, naro edo jori, iturria; eskuzabal, laguna; mahuka zabal edo galbahe larriko, aitor-entzulea; aske, hitzak. Eralgi eta iriontzearekin, hondamenarekin eta gehiegikeriarekin lotzen du nasai oinarri duten nasaitu, nasaitasun eta abar. Ez ditu ahazten libertinajea, askakeria, galdukeria eta jokabide okerrak. Andoni Karmelo Urrestarazu Landazabal “Umandi”, Euskerazaintzako “euskerazain” osoak bere Asmo-iztegia-n honela definitzen du nasai: “Aragi-irritserako ayerra duena”. Eta haragi-irritsa: haragi-atseginetarako neurri gabeko gogoa eta gehiegikeria. Lizunkeritzarekin lotzen du.

Hona gakoa, baten libertinajea eta bestearen lizunkeritza. Nasailorea hezetasuna dagoen lur emankorretan hazten da, lizuna bezalaxe. Horra nasailorea izenaren jatorria. Ba ote?