"Libertatea beti da behin-behinekoa"

  • 1946ko abenduaren 14an sortu zen Hazparnen. Fisikan lizentziatua Paueko unibertsitatean, Maiatz literatur elkarteko sortzaile eta koordinatzailea da hastapenetik gaur arte. Gure Irratiaren sorreran ere parte hartu zuen, bertako langilea izan da urte luzez, eta egun 2012ko Argia Saria jaso duen Gure Bazterrak emankizunaren arduraduna da. Euskaldunon Egunkariako hastapenetan Baionako erredakzioan egin zuen lan, eta Inter Porcos: kronika aberezaleak liburuaren egilea ere bada, euskal prentsako ohiko kolaboratzaile izateaz gain.


2012ko irailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Sustrai Colinak egin dio elkarrizketa Luzien Etxezaharretari (Argazkia: Dani Blanco)

Euskal Herriarekin ukan duzun topaketa miraria omen.

Frantses eskolan eta frantses kulturan murgildua zarenean, euskalduna zarela jakin gabe bizi zara. 50eko hamarkadan, Frantzia munduko inperio handienetarikoa zen, eta bere kulturaren ospe eta aurrerakoitasuna azkarki barnatuak genituen. Alabaina, denek dugu historia pertsonal bat, eta nik Espainiako gerla zibila errepublikarren begietatik kontatzen zuen Frédéric Rossif-en Mourir à Madrid filma ikusi nuen. Harrigarria zen, lizeoan egona nintzen, irakasle ezkertiar batzuk ukanak nituen, baina sekula ez nuen kritika bakar bat entzun frankismoaren eta faxismoaren kontra. Alemaniarren ankerkeria ikusten genuen, espainolena ez. Filmean ikurrina bat ageri zen, Euskal Herri erresistente bat, euskara, Gernika... Gaitzeko txokea izan zen enetzat, emozio ikaragarria. Ondoko urtean, Paueko fakultatean nintzela, Jean Louis Maitiaren eskutik deskubritu nuen bazela euskal kultura borrokalari bat, bizi nahi zuena, eta gurutzamen bat izan zen ene nortasun naturalaren eta nortasun politikoaren artean. Orduan konprenitu nuen gezurrean atxikiak izan ginela, ez genuela gakorik egiazki zer pasatzen zen konprenitzeko. Euskaraz mintzo zirenak mespretxatuak eta hutsaren pare tratatuak ikusteak haserre ikaragarria pizten zidan, eta denbora berean, poliziaren lehen ostiko eta atxilotzeak bizi izan nituen Christiane Etxaluz askatzeko kanpaina kari. Horrek konbikzioak errotik indartu zizkidan. Batzuek erranen dute maitasunez ari direla euskararekin, ni kolera gorriak ekarri ninduen. Horregatik, ene iraultza egiteko moldea euskara landu eta hobetzea izan da.

Alta, ikasketak bururatu eta irakasle lanetan aritu ondoren, Parisen kasik hamar urte pasa zenituen.

Parisen ere Euskal Herritik hurbil nintzen, astean bi egun pasatzen bainituen hemen. Gainera, Parisko euskal etxean beste euskal mundu bat eta beste galdera batzuk topatu nituen: “Zer da euskal nortasuna?”, “zer da Euskal Herria?”, “zer balore ematen diogu gure kulturari besteentzat ere baliagarria izan dadin?”. Gogoeta zailak ziren enetako, baina anitz aitzinarazi ninduen euskaldunak ez ziren lagunekin Euskal Herriaz mintzatzeak. Libertate gogo hori sentitu nuen, etxean nagusi izateko grina, denak akort eta apart baina elkarrekin bizitzeko nahia. Estetika mailako gogoetak ere ukan nituen eta Oteizaren Quosque Tandemek erakutsi zidan gauza ttipietan arrazoi anitz zeudela Euskal Herria maitatzeko. Ez dugu inperiorik sortu, kantu batzuk baizik ez, borobilean kokatutako harri batzuk, harpeetako irudiei errespetuz begiratu diegu, urari balioa eman... Jainko handietatik urrun, arima erantsi diegu gauzei. Bestalde, lanaren fisionomia eta ergonomia aztertzen zituen laborategi batean egiten nuen lan, eta komunista eta sozialistez osatutako mundu sindikalean bizi nintzen. Langile mundura hurbilduz ohartu nintzen jakintza eta jakitatea zenbateraino diren garrantzitsuak norbere nortasunarentzat, norbere buruaren defentsarentzat, eta mundua langilearen begietatik ikusi behar zela, ez enpresariarenetatik. Gauzen ulertzeko, mundu bakoitza mundu horretako protagonisten begietatik aztertu behar da.

Teoria horiek oro Gure Irratiaren sorreran eta zure kazetari lanean ezarri dituzu praktikan?

80ko hamarkada hastapena irrati libreen garaia zen. Parisen ezagutuak nituen irrati klandestino batzuk atseginak zitzaizkidanak, eta orduko borrokek erakusten zuten jendeak bildu eta zerbait nahi zuelarik, bereziki hitza hartzea, lortzen zuela eta horrek mundua erroz gora aldatzen zuela. Irratigintzan hitza hartzeko parada eta gure mundua kontatzeko bidea topatu nituen. 1981 bukaeran Parisko lana utzi eta irratian hasi nintzen. Jauzi handia zen baina sekulako amets batean nintzen, jende baten hitza hartu eta beste jende bati ezagutaraztea amesgarria baitzen enetzat. Garai hartan, inon ez zen euskal kantu bat irratian entzuten ahal, eta jendeak musika entzun nahi zuen, asteburuetako kantaldietako kantuak. Guk uste genuen politika eta eztabaida emankizunak zirela inportanteenak, eta gure buruari galdetzen genion ea merezi zuen sorkuntzetan eta programa aberatsetan hainbeste indar xahutzea jendeak gauza sinpleak nahi zituelarik. Nik beti pentsatu dut euskaraz produktu landuenak, onenak eta ederrenak eskaini behar genituzkeela, eta horretarako kazetari jantzienak behar ditugula. Euskara ez da arazo gramatikal bat, ez da komunikazio problema tekniko bat, kultura, jakitate eta transmisio bide bat da. Horregatik egin ditugu operak euskaraz, literatura emankizun konplikatuak, formatu berritzaileak... Kalitateak dakar unibertsaltasuna eta euskal kulturaren azkartzeak finkatuko du geroari buruzko euskararen irauteko ahala.

Horregatik lantzen duzu gure herrietako berri ematen duen Gure Bazterrak emankizuna jendea asteburu pasa Paris, Berlin edo Bartzelonara doan garaiotan?

Batzuetan, ene amari zer berri den galdetu eta telebistan entzun duen albiste batekin ihardesten dit. Hori kondizionamenduaren ondorioa da, baina jendeek beren mundua dakite. Langileak du gaitasun gehiena lan munduaz mintzatzeko, euskaldunak euskal munduaz mintzatzeko... Konfiantza inuzentea da beharbada, baina ni hori sinetsita bizi naiz. Pertsona bere buruaz eta munduaz mintzatzeko libro sentitzen delarik gai biziki interesgarriak aipatzen dira, eta batez ere, bizitzeko gogoa agertzen da. Astakeria iduri du baina egungo mendean bizitzeko nahikeria behar duzu. Intelektualen boterea, medikuena, irakasleena, abokatuena, zanpatzailea da: dena dakite eta zuk ez dakizu deus. Gaur egun, sekula baino tresna gehiago ditugu libro izateko, baina zer egiten dugu libertate horrekin? Norbere iritziak sendotzeko baliatu behar genuke, kritikatzeko ala garatzeko, eta geroari jakitatez buru egiteko. Victor Hugok mundua jakitateak aldatuko zuela zioen, eskola bat irekitzea kartzela bat ixtea zela, eta horretan gara. Hainbeste mundu ari dira gure inguruan borrokan Egipton, Sirian, Palestinan... Ez ote dira guregandik hurbilago Michèle Alliot Mariek galdu duen bataila baino?

Distantziak distantzia, kostatzen da jendea mintzaraztea?

Zaila da, sinestarazten digutelako nortasuna, kultura edo eskola ez daudela gure esku, guk ez dakigula deus, eta dakitenek eginen digutela argi. Adineko jendea gutxietsia izan da nortasunean. Laborantzako teknikariek zozotzat harrarazi dituzte betiko moldeetan ari zirelako, eta gauzak zer diren, orain molde horiek dira balioberritzen ari. Gurean, jende anitz umiliatua izan da, eta oraindik ere frantsesek ez dute onartzen haien harrotasun eta mespretxuarekin ihardokipen bortitzak pizten ahal dituen jarrera kolonialistak dituztela. Frantzian kexu dira amerikarrek frantses kultura kolonizatzen dutelako, baina zer erran behar dugu guk? Horrek euskaldunak debate gogorren aitzinean ezartzen gaitu. Adibidez, elebitasuna edo kultura landu eta aitzina eramateko molde zenbait ez ote dira kolonizazio horren lagungarri? Debateak debate, jendearen hitza dugu eskas, Euskal Herrian jendeak bere nortasunaren kontzientzia handia duela eta errespetuz tratatzen duzularik errespetuz hartzen zaituela jakinik. Nik, gazterik ala zaharturik, norbere ideia beti agertu behar dela uste dut, eta horretarako lekurik ez bada, denen onbeharrez sortu beharko ditugu gune berriak. Beti dago besteengandik zer ikasia.

Elebitasunaz eta debateez ari garela, balio du euskararen ofizialtasuna frantsesez aldarrikatzeak?

Erramun Baxokek zioen errealitatea eraiki behar genuela, legeak errealitatea onartu beste erremediorik ez zuelako. Euskaraz indartsu agertzen bagara, onartu beharko gaituzte. Bestela zer da ikusten duguna? Maitia eta Brissonen adierazpen ederrak, euskaltzaleen oihuak, aholku batzordeak... Ados, ofizialtasuna galdegin behar da, baina uste dut ikastolen urratsa ukan behar dugula gogoan. Gauzak gure gain hartu behar ditugu. Eskola, osasuna, ekonomia, denak gure gain hartzea da gure buruaren jabe izateko bide nagusia. Baiona-Angelu-Biarritzen %5ak bozkatzen du abertzale, baina horrek ez du erran nahi beste %95a euskaraz futitzen denik. Zer egiten dugu alta, euskara biziarazteko? Parisen beha egon behar dugu gure hizkuntza ikasi eta mintzatzeko? Uste dut aurtengoa lehen kanpaina izan dela non ez den hitzik ere erran herri hizkuntzei buruz. Ni ez naiz sobera politikoa, eta goitik etor litekeenari baino gehiago begiratzen diot gure errealitatea indartzeko egin genezakeenari. Txepetxek zioen gisan, euskara baliatzeko guneak sortu behar ditugu, euskarari erakargarritasuna eman. Zergatik eta zertarako ikasiko dute jendeek euskara? Zein dira motibazioak? Nik ez dut soluziorik, baina ez dut uste gehiegi higatu behar dugunik gramatikan edo hizkuntzalaritzan. Ez da aski hizkuntza ikertzea, errealitatearekin torratu, zikindu behar da. Sartrek zioen giristinoek esku zikinak ez ukaiteagatik ez dutela eskurik, eta guregatik hori erran ez dezaten, sar gaitezen saltsan, gure gustuko eremuetan egin ditzagun ekarpenak euskaraz.

Filosofia horretan kokatzen da 82tik hona koordinatzen duzun Maiatz aldizkari eta argitaletxea?

80ko hamarkada hastapenean, ezkerra boterera heltzearekin bat, euskararen jardunaldiak izan ziren eta harritu nintzen tar-tar-tar handietan nola erortzen ginen ikusita. Ez ginen auspez galdetzen ari, baina bai sinetsiak dena gainetik etorriko zela. Nik uste dut jendeak baduela bildu eta gauzak aitzinarazteko ahala, hori dela gure salbazioa. Ez dut sinesten proiektuak diru-laguntzetatik abiatuta pentsatu behar direnik. Zerbait egiten duzularik heldu laguntzak. Egun sekula baino errazagoa da liburu bat egitea, zergatik ez baliatu askatasun hori? Frantzian bertan, ezaguna ez den norbaiten liburua 500eko tirada batean ateratzen da, eta ez da deus gertatzen. Zertarako da liburu bat? Guk badugu jende multzo bat haien munduari lan bat eskaini nahi diotenak, ez dea ongi hori? Liburuaren funtsa ez dea ingurukoei zerbait eskaintzea? Ni harritzen naiz hain argitaratzeko gogo txikia ikusiz. Hori ere ez dea jendea biltzeko manera bat?

Maiatzek eta Gure Irratiak 30 urte bete dituzte, Euskaldunon Egunkaria/Berriak 22. Ohartzen gara egindako bideaz?

Ez dut uste, baina badakizu, libertatea beti da behin-behinekoa, beti bada mehatxatuko duen norbait, eta etengabe gure askatasun eta eskubideak defendatzera behartuak gara. Bizi dugun krisi honen erdian, nork pentsa dezake euskararen aldeko laguntzak ez direla apalduko? Nola sinetsi dezakegu egungo diru-laguntzek iraungo dutela? Gauzak gure gain hartu behar ditugu, ezin dugu pentsatu inertziaz iraunen dugula, sekula baino beharrezkoagoa da elkartasuna. Euskal prentsan zein irratigintzan ezin gara funtzionario bilakatu, eskolatze etengabeko bat behar dugu, irakurri, kultur ekitaldietara joan... Ezin gara bilakatu zeresanik ez duten irrati eta kazetak. Libertatearen eta jendeari hitza ematearen espiritua elikatu behar dugu, hori da gure indar bakarra. Jendeak hitza hartzen duen momentutik gogoetatzen du, biltzen da, eta etorkizuna eraikitzen du. Horretarako libertatea atxiki behar dugu, inoren meneko ez diren talde independenteak sortu. Euskalgintzako arlo gehiegi uzten ari gara instituzioek kontrolatzen duten sarean. Zerk aitzinarazten gaitu? Zerk digu pizten gauzen egiteko gogoa? Kultura zabal baten beharra dugu. Ez ote dira sare unibertsal batzuk ehundu behar sare dominanteen informazioaz gaindi pasatzeko? Ttipioi beti erranen digute gure mundua ezdeusa dela, hertsia, ez duela perspektibarik, baina gezurra da, munduari so gaude, eta agian handiek baino hobeki urra ditzakegu etorkizuneko zenbait bide. Elkar ezagutzeak, elkar estimatzeak, eta konfliktoen apaltzeak euskaldun izateaz pozik bizitzeko ahala emango digute, gure mundua ez baita bukatuko euskaldun kopuruaren portzentaje ñimiñoan, euskarari esker egiten ditugun ate irekitzeen kalitatean baizik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude