Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
Ekainaren 28a izango da larunbatean, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna. "Kalera aterako gara, sexu askapena eta harrotasuna aldarrikatzera", adierazi du EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak, argitaratutako oharrean. Aurten ere "harrotasuna borroka dela" ozen aldarrikatuko dutela jakinarazi du mugimenduak, eta genero-disidente izatea "borrokarako indar eta palanka" bihurtu behar dela, inoiz baino gehiago: "Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada".
Egungo testuinguruaz ere ohartarazi du EHGAMek: "Zoritxarrez, beste urte batez, gure begien parean genozidio bat aurrera eramaten ari diren unean egingo ditugu gure aldarriak. Palestinar erresistentziarekin gaude". Horren harira, euskal instituzio eta enpresei Israelekin duten kolaborazio oro etetea exijitu diete. Mugimenduak kezka adierazi du mundu mailan eta Euskal Herrian hedatzen ari diren "faxismoaz eta ideia faxistetaz". Horren aurrean, "autodefentsa transmaribibolloa" aldarrikatu dute, eta faxismoaren kontrako aliantza sortzea azpimarratu: "Aurrean izango gaituzte, erresistitzeko prest gaude. Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua".
Instituzioei kritika
Faxismoaren hedapenaren aurrean, instituzioek euren borrokaren "merkantilizazioa" eskaintzen dutela salatu du EHGAMek. Horren adibide gisa aipatu dituzte Bilbao Bizkaia Harro edota LGTBI+ turismoa sustatzeko ekimenak eta antzerakoak, "non gutxietsi eta iraindu egiten den hamarkada hauetako LGTBIQ+ borroka". EHGAMen aburuz, ekimen horiek hirien turistifikazioa, espekulazioa, etxebizitzaren garestitzea, lanaren prekarizazioa eta pobretzea baino ez dakarte, "gutxi batzuen mesedetan" pentsatutakoak baitira: "Transmaribibollo gehienon bizi-baldintzak okertzea, alegia, lelo hutsekin eta ortzadarraren koloreekin mozorrotuta".
“Askatasun” indibidualaren ideiaren fartsa
EHGAMek argi utzi nahi izan du aldarrikatzen duten askapena "zerikusi gutxi" duela neoliberalismoak eskaintzen duen “askatasun” indibidualaren ideiarekin. Izan ere, mugimenduak badaki zer den kapitalak eskaintzen duena: "Kontsumoan oinarritzen den 'askatasuna', gutxi batzuentzako pribilegioa, gehiengoa kanpoan uzten duena". Horren aurrean, zera aldarrikatu du EHGAMek: "Ozen diogu gure askapena ez dela izango askapena, guztiona ez bada. Ez dago askapenik migranteak, arrazializatuak, sexu-langileak, langile pobretuak… kanpo uzten badira".
Kolektibotasuna azpimarratzea
"Sexu askapenaren aldeko borroka nahitaez izan da eta izango da kolektiboa", mugimenduak azaldu du oharrean, eta "norberak bere generoa autodeterminatzeko eskubidea" aldarrikatu dute: "Norberak bere gorputza nahi bezala moldatzeko eskubidea, norberak bere desirak nahi bezala bizitzeko eskubidea". Eskubide horiek "eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan" baino ez dira egiaz gauzatuko, EHGAMen esanetan, eta horregatik uste dute inoiz baino beharrezkoa dela "trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzen arteko sareak" osatzea.