Maiatzaren 17an LGTBIQ+fobiaren Kontrako Eguna dela-eta, “bizi dugun oldarraldi atzerakoia” , “transfobiak hartu duen indarra” eta “instituzioen utzikeria” nabarmendu dituzte kolektiboaren bueltako elkarteek. Zenbait instituzioren kapitalismo arrosaren aurrean, egun “aldarrikatzailea eta politikoa” dela gogoratu dute.
“Faxismoaren gorakada eta hartzen dituen forma guztiei aurre egiteko beharra jarri nahi dugu erdigunean, LGTBIQ+fobiaren kontrako indarkeria barne”, adierazi du Iruñerriko E28J plataformak. Antzera mintzatu dira Bizkaiko E28 Koordinadoratik ere, aurtengo lelo gisa “Zuen biolentzia, gure erresistentzia” hartuta. Ideia faxistak hedatzeak eraso LGTBIQ+fobikoei atea zabaltzen diela ohartarazi du EHGAM elkarteak, eta harago joan da: “LGTBIQ+fobia ez da faxista gisa identifikatzen ditugun horien kontua soilik, ez diezaiogun tarterik txikiena utzi diskurtso faxista kamuflatuen normalizazioari. Geure auzo eta kaleetan ideia LGTBIQ+fobiko, arrazista eta matxisten normalizazioari ‘aski da!’ esateko unea da”.
Ez dugu ahaztu behar, ikerketa ugariren arabera gorroto-diskurtso nagusietakoa sexu joera, identitate eta generoari loturikoa dela, diskurtso arrazista eta xenofoboen atzetik. Ostegun honetan, 2024an jazotako gertakari LGTBI+fobikoen berri emango du Ikusgune Gasteizko Behatokiak. Nafarroako Gobernuak berriz, iragarri du LGTBI+fobiaren Kontrako Behatokia zabalduko dutela Nafarroan.
Transfobia, kezka nagusi
Transfobiak hartu duen indarra “bereziki kezkagarria” dela azpimarratu dute Gehitu elkartetik, ez bakarrik kale eta sare sozialetako gorroto-diskurtsoetan, baita “genero-unitateetan pertsona horiek artatzeko moduetan, kirolaren arloan emakume transei ezarri nahi zaizkien debekuetan, eta abar”. Faxismoaren eta diskurtso transfoboen arteko aliantzaz ohartarazi du EHGAMek, eta gogora ekarri nahi izan ditu Kolonbian hil zuten Sara Millerey emakume transa, Argentinan izandako erasoen gorakada eta Mendebaldeko gobernu eta instituzioak “hartzen ari diren neurri transfoboak, hala nola AEBetan eta Erresuma Batuan”.
Hain justu, joan den astean Naizen adingabe transexualen familien elkarteak I. Nazioarteko Biltzarra egin zuen, eta bertan adierazi zutenez, haur transexualen kontrako gorroto delituak eta eskola jazarpena hazi egin dira.
"Bilboko Udalak ez du adierazpen soil bat ere egin eta ez da akusazio gisa aurkeztu. Pasibotasun hori sinestezina litzateke larritasun bereko beste kasu batzuetan"
Botere publikoen inplikazio falta
LGTBIAQ+ pertsonen eskubideen alde elkarteetatik egiten duten lana, neurri handi batean administrazioak bere gain hartu beharko lukeela iritzi dio Gehituk, eta kritikatu du botere publiko batzuek ez dutela behar bestelako inplikaziorik “bizi dugun oldarraldi atzerakoiaren aurrean”. M17aren bueltan instituzio batzuek eta besteek antolatu dituzten ekitaldiak direla-eta, “egun seinalatuetan agerraldiren bat egitea ez dela nahikoa ulertarazi behar zaie”. Antzera mintzatu dira Bizkaiko E28 plataformatik: “Egun hauek aldarrikatzaile eta politiko gisa ditugu, sekula ez dira izan Bilboko Udalak hain gustuko dituen kapitalismo arrosaren estrategia neoliberaletakoak”.
Gehitutik ere, Bilboko Udalari zuzendu dizkiote kritikak, bost gizon homosexual hiltzeagatik egunotan martxan den auzia adibide hartuta: “Bilboko Udalak ez du adierazpen soil bat ere egin, eta noski, ez da akusazio gisa aurkeztu (guk aurkeztu behar izan dugu herri-akusazioa). Pasibotasun hori sinestezina litzateke larritasun bereko beste kasu batzuetan”.
Palestina gogoan
Bestelako aldarrikapenetarako lekurik ere izan dute elkarteek, euren diskurtsoetan. Palestinaren aurkako eraso sionista etengabearen testuinguruan, “inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea ezinezkoa dela askapen transmaribibolloa logika kapitalista eta kolonialaren baitan ulertzea”, dio E28k. Genozidioarekiko instituzioen utzikeria salatu du EHGAMek, eta gobernuek militarizaziorako eta berrarmatzeko hartu duten norabidea arbuiatu: “Gogoratu nahi dugu transmaribibolloon borroka antimilitarista izan dela eta badela”.
“Poliziaren jarrera arrazista eta LGTBIQ+foboa” salatzeko eta Atzerritartasun Legea desagertzea eskatzeko aprobetxatu du EHGAMek.
Azkenik, saretzera eta antolatzera deitu du: “Elkarrekin indartsuagoak gara LGTBIQ+fobiari, matxismoari, arrazismoari, kapitalismoari eta oldar erreakzionarioari aurre egiteko”.