LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.
LGTBI pertsonek bisibilitate handia dutela irudi lezake hainbatetan, mugimenduak egiten duen borroka eta lanari esker, baina eguneroko errealitatea bestelakoa da. Lan eremuan jarri du fokua Espainiako Federazioaren azken ikerketak, eta esanguratsuak dira emaitzak. Zergatik mantendu sekretuan sexu-orientazioa? Lanpostu igoerarik ez izateko beldurra, diskriminatua izateko beldurra, lantokian dagoen giroa nahikoa konfiantzazkoa ez izatea, eraso LGTBfobikoren bat jasateko izua eta kaleratua izateko susmoa dira ematen diren arrazoi nagusiak.
Hainbat lekukotza bildu ditu Huffington Postek. Hugok kontatu du berak ez duela sekretuan gorde; lankide guztiak emakumeak ditu eta “beraiekin seguru sentitzen naiz”. Aldiz, hezitzaile soziala da eta lanean aritzen den gaztetxoen familiekin bai ikusten ditu arriskuak, LGTBfobiari lotutako kasuren bat edo beste tarteko.
Emakume lesbianak, zenbat eta gorago, orduan eta sekretuago
Evak azaldu du enpresan ardura eta kargu garrantzitsuak dituzten emakume ugari ezagutzen dituela, eta zenbat eta postu altuagoa izan, armairuan orduan eta gordeago mantendu ohi dutela bisexualitate edo lesbianismoa, galtzeko gehiago dutelakoan. Evak berak urtetan egin du hori bera: eremu profesionalean isilpean mantendu bizitza pertsonala. Horrek lan giroko sozializazioari eragiten diola ere badio: “Tentsio izugarria da kafe baten bueltan bulegoan ezkutatzen aritu beharra bizitza pertsonalari lotutako eguneroko informazio arrunta”.
Hugok kontatu du berak ez duela sekretuan gorde; lankide guztiak emakumeak ditu eta "beraiekin seguru sentitzen naiz". Aldiz, hezitzaile soziala da eta familiekin bai ikusten ditu arriskuak
Olympe abokatu bufeteak nabarmendu du kontsulta eta dei asko jasotzen dituztela, sexu joera esplizitatu ostean kaleratuak izan diren langileenak. Dena den, kaleratzea baino ohikoagoa da zuzenean LGTBI pertsona izateagatik ez kontratatzea.
Datu kezkagarria ematen du artikuluak: lan eremuan kolektiboko pertsonenganako indarkeria kasuak %20 hazi dira 2020tik 2023ra.
Eta guztietan kaltetuenak trans pertsonak dira. %12,5 baino ez dira ikusgarri lantokian, eta transexualak diren pertsonen erdia baino gehiago zuzenean edo zeharka baztertua izaten da lan elkarrizketetan.