Nafarroako parlamentuak euskararen legea aldatu duela eta, @aranagoiri-k egin du eskaria: eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen araberako zonifikazioa egin izan balitz, Nafarroakoaren antzera?
Nafarroa hiru eremutan sailkatzeko prozesua konplexua izan zen, eta ez zen aldagai bakar batean oinarritu. Datuetan oinarritu arren subjektibitatea eta ideologiak izan zuten zerikusia; Jaime Ignacio del Burgoren iritziz, adibidez, “eskuzabalegia” zen eremu euskalduna.
1986ko inkesta soziolinguistikoa oinarri hartu dugu guk, eta Nafarroako datuei erreparatu diegu lehenik. Egungo zonifikazioa simulatzea lortu dugu euskaldun eta ia-euskaldunen portzentajeetan oinarrituta, eta arau bera erabili dugu EAEko zonifikazioa imaginatzeko.
Eremu euskaldunak Gipuzkoa osoa eta Bizkaiko zati handi bat hartuko lituzke, bai eta Arabako herri gutxi batzuk ere (Aramaio, Legutio). Eremu euskaldunean sartu ditugu datuen arabera eremu mistoari dagozkion bi herri: Ermua eta Erandio, arrazoi geografikoengatik.
Eremu mistoan, Nafarroan gertatzen den antzera, hiriburuak leudeke: Bilbo eta Gasteiz. Ezkerraldea eta Arabako iparraldea ere eremu honetan leudeke, ofizialtasunik gabeko eremu batean non euskaldunari eskubide gutxi batzuk aitortzen zaizkion.
Bizkaiko Enkarterrietan eta Arabako Errioxa eta Añanako kuadrillan, euskarak egun Tuteran duen estatus bera izango luke, hutsaren hurrena, alegia. Gaur egun %15etik gorakoa da euskararen ezagutza eskualdeotan, datu imaginaezina D eredua debekatu izan balitz, Nafarroako zona no-vascófonan gertatzen den moduan.