Francisco Letamendia Ortzi EHUko irakasle eta HBko diputatu ohiaren hitzetan, gaur arte egindako galdeketak aintzat hartuta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara EAJ eta ezker abertzalea helduko dira buruan eta, ondorioz, gobernu-aliantza orok euskal alderdi nazionalista baten presentzia eskatuko du. El País egunkariak gaur plazaratutako elkarrizketan egin ditu adierazpenok Letamendiak.
Dioenez, alderdi bakar batek ere ez du gehiengo osoa lortuko, eta beharrezkoa izango dute aliantzak osatzea. Zentzu horretan, baztertu daitekeen aliantza bakarra PPk eta PSEk osatutakoa da, "ezker abertzalea-PP aliantza zein surrealista litzatekeen aintzat hartuta". EH Bilduri dagokionez, Letamendiak dio EAJrekin aliantza nazionalista bat eta PSErekin ezkerreko aliantza bat osatzeko aukera izango lukeela, nahiz eta oraingoz PSEk formula hori baztertu duen, "Madrilek egindako presioengatik, dudarik gabe".
"Erabakia, hortaz, EAJren eskuetan dago", dio Letamendiak: "Edo PPrekin, horrek hautesleentzat ekarriko lukeen arriskuarekin; edo PSErekin, hautesleentzat betikoan jarraitzea litzatekeena; edo ezker abertzalearekin, zeina EAJren hautesleen aukerarik gustukuena den, baina ez euskal botere faktiko-ekonomikoena".