argia.eus
INPRIMATU
Lesboseko errefuxiatuei jaten eta edaten ematen jarraitzeko laguntza eskatu du Zaporeak elkarteak
  • Suteak Moriako errefuxiatuen kanpalekua erre ostean, “beste zelai bat ireki dute Lesbos irlan, baina ez da nahikoa kale gorrian dagoen jende andanarentzat, errepide ertzean botata daude asko, eta gose eta batez ere egarri dira”, salatu dute Zaporeak elkartetik. Larrialdi egoeran, laguntza ekonomikoa eskatu diete herritarrei, eta Larrialdi Emanaldia antolatu dute irailaren 19rako.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko irailaren 15
Argazkia: Ane Irazabal

Jendea orain sakabanatuta dagoela eta laguntza lanetan desordena handiagoa dela adierazi du Malen Garmendia Zaporeak proiektuko kideak ETBn. Beste hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin batera jaten eta edaten ematen diete errefuxiatuei, baina egungo egoera berezian ez da erraza izaten ari.

Hala, laguntza ekonomikoa eskatu du Zaporeakek. “Batez ere ura lortzea eta jendeari ura helaraztea da gehien kostatzen zaiguna”. Hainbat kontu korronte eman dituzte eta horrez gain, Larrialdi Emanaldia antolatu dute, dirua lortzeko asmoz. Orain arte aurreratu dutenaren arabera, larunbat eguerdian Donostian izango da emanaldia eta Mursego, Amets Arzallus, Anari, Harkaitz Cano, J Martina, Juantxo Arakama, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Ibon RG, Jose Luis Otamendi eta Jule Goikoetxeak hartuko dute parte.

Berriz ere beste tortura gune bat ari dira eraikitzen

Egoera ez dela aldatu eta akatsak errepikatzen ari direla azaldu du Malen Garmendiak: irlan kanpaleku berri bat egiten ari dira, baina errefuxiatuek esana dute jada ez dutela halakorik nahi, ez dute berriz ere beste kontzentrazio-esparru batean bizi nahi, aurreko kanpalekuan zituzten baldintzetan. “Moriakoa tortura-gune gisa definitu izan dugu, ez zituztelako gutxieneko baldintzak ere, ez higienerako, ez bestela”, salatu du Garmendiak, eta giza-eskubideak urratzen direla gehitu du.