argia.eus
INPRIMATU
Leringo herritarrek ezezkoa eman diote lurrak ureztatzeko Nafarroako Ubidea baliatzeari
  • Leringo herritarrek, lurren jabe diren heinean, Nafarroako Ubideko ura baliatzeari uko egin eta ureztatze sistema tradizionalarekin jarraitzea erabaki dute galdeketa lotesle bidez. Bozka eman duen herritarren %61 agertu dira aldaketaren kontra, "uraren pribatizazioa" ekarriko lukeelako, besteren artean.

ARGIA @argia 2014ko azaroaren 03a
Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformak ezezkoa eman dio Nafarroako Ubidearen proiektuari (Argazkia: @SalvemoselEGA)

Bozkatzera deituta zeuden 961 lurjabeetatik 657k eman dute botoa. 401 agertu dira Nafarroako Gobernuak egindako proposamenaren aurka, eta 256 alde. Ura Itoizko urtegitik eramateko proposamenak botoen %75,1 behar zituen aurrera egiteko. Udala (UPN) aldaketaren alde agertu da.

Ureztatze Tradizionalaren Aldeko Plataformaren hitzetan, proiektua gauzatzeak kostu handia izango luke, 3,5 milioi euro ingurukoa: "Ura ez pribatizatzea eskatzen dugu. Egitasmoa onartzeak gastu handiak eragin eta hipotekak sinatzera behartuko lituzke herritarrak. Aintzat hartu behar da lurjabe gehienak adinekoak direla".

Bestalde, herritarrek salatu dute proiektuaren eraginez galdu egingo litzatekeela balio historiko handia duen ureztatze tradizionala, haien "bizimodua" azken finean, Diario de Noticias egunkariak jaso bezala: "Nekazari gehienek ureztatze sistema propioa baliatzen dute, aski ezaguna, ongi egituratua eta ekonomikoa", diote. "Nafarroako Ubideko ura erabiliko bagenu agrokimikoen erabilera handitu eta gure lurrak kutsatuko lirateke, eta azkenean, baita Ega ibaia ere". Gaur egun hango ura baliatzen dute Leringo lurjabeek.

Marcelino Azcoiti alkateak dioenez, Lerinen etorkizunerako "aukera bakarra" da Nafarroako Ubidearena, nekazaritzako elikagaien industria erakarriko lukeenez.