argia.eus
INPRIMATU
Lekeition gomazko antzar gehiago erabiliko da benetako hegaztiak baino
  • “Historikoa” hitzarekin laburbildu dute zenbait antolatzailek asteazken honetan Lekeition egingo den Antzar Eguna. Deiak jaso duenez, 56 gomazko antzar erabiliko dituzte, benetako antzarrak baino gehiago (34). Gainera, uretan ibiliko diren 90 ontzitik 24tan emakumek jardungo dute lepo-kentzaile.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko irailaren 05
Benetako antzarren erabilera polemika-iturri da aspaldidanik Lekeition (argazkia: Askekintza).

2006an erabili zen lehenaldiz gomazko antzarra. Hala ere, koadrila gehienek benetako antzarrak erabiltzeko hautua egin dute aurtengo urtera arte. Lehen aldiz aurten egongo dira benetako antzarrak baino gomazko antzar gehiago.

Euskal Herriko leku askotan sortu du eztabaida jaietan animaliek jasaten duten tratuak eta Lekeitioko Antzar Egunaren kasuan, aspalditik datoz benetako animaliak erabili ordez beste alternatibak bilatzeko saiakerak.

Gaiker-IK4 zentro-teknologikoan egiten dira gomazko antzarrak eta lepoa apurtzeko mekanismo bat dute. Koldo Goitia Lekeitioko alkateak adierazi duenez, “modu naturalean egin dugu aurrera, koadrila bakoitzari erabakitzeko aukera emanez”.

300 urte baino gehiago dituen ospakizunean, inoiz baino emakume gehiagok helduko dio antzarrari lepotik aurten. Iaz 20 izan ziren, aurten aldiz, 24. Gizonen eta emakumeen parte hartzea parekidea izatetik urrun dago oraindik, nolanahi ere.  

15:00etan uretara sartuko diren 90 potinak Lea Artibaiko herritarrenak eta bereziki lekeitiarrenak dira. Jokoa arratsaldean izan arren, goizean goiz hasten da jaia Lekeition eta goizaldeko ordu txikietan bukatu. Eraso sexisten aurkako hainbat zapi more ikusi ahal izango dira, kolore urdinez tindatutako herrian.