argia.eus
INPRIMATU
Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu
  • HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko apirilaren 08a
Etxebizitza turistiko bat, Lekeition. Lekeitioko Udala

"Mundu guztian hedatuta dagoen fenomenoa da etxebizitza turistikoena, eta zoritxarrez Lekeition fenomeno hori arazo bihurtu da", horrela abiatu du asteartean kaleratutako oharra Lekeitioko Udalak, etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi dituela berri emateko. Etxebizitzaren gaia lekeitiarren arazo nagusienetako bat dela "argi" dagoela adierazi du udalak. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan etxebizitza turistikoen ratio altuenetako bat duen herria da: 92 etxe turistiko daude erregulatuta herrian, eta udalak adierazi du askoz gehiago egongo direnaren susmoa duela.

Arazo horri konponbideak bilatzen iazko maiatzean hasi zen Lekeitioko Udala, HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egiten hasi zenean. Prozesu horrek bi urte iraungo dituela aurreikusten dute, eta, beraz, asteartetik aurrera etxebizitza turistikoen lizentziak geldiaraziko dituztela erabaki dute.

Martxoan argitaratu zuen udalak Lekeitioko metabolismo demografikoaren eta beharraren azterketa diagnostikoaren txostena, eta ondorioztatu zuen herrian etxe huts pila bat dagoela: txostenaren arabera, herriko etxebizitzen %17,2 –909– hutsik daude. Gainontzkoe etxebizitzei dagokionez %57,4 dira lehenengo etxebizitza, eta %25,4 bigarrena.

Alokabiderekin hitzarmena

"Turistifikazioa" murrizteko neurriaz gain, Lekeitioko Udalak iragarri du Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela etxe bat eskuratu ezinda dauden herritarrei begira: hutsik dauden etxebizitzak urte osorako "alokairu duinean" jartzeko gonbita egingo die enpresa publikoak jabeei. Alokairuak sei urterako izango dira, eta Alokabidek jabeekin konpromisoa hartuko due euren etxeak "zaintzeko".