Lekeitioko Udalak jakinarazi du bandako zuzendariak tratu txarrak eman izana jaso dutela, hainbat testigantzaren bidez. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzaren aholkuak jarraituta, hainbat pauso eman dituztela, besteak beste, zuzendariarekin hitz egin, eta testigantzak jaso helbide elektronikoz eta aurrez aurre. Udalak zuzendariaren kontratua bukatutzat emango du hil honen bukaeran, tratu txar salaketak eta beste arrazoi batzuk kontuan hartuta.
Martxoaren 5ean jaso zuen mezu elektroniko anonimo bat udalak, eta tokiko erakundeak berak dioenez, zuzendariak egindako hainbat tratu txarren berri ematen zuen. Urte askoan bandako hainbat kidek sufritutako tratua kontatzen zuen mezuak, hainbat testigantzaren berri emanda. Eusko Jaurlaritzari aholkua eskatuta, gaia aztertzeko hiru pauso jarri zituzten abian: banda zuzendariari azalpenak emateko aukera eman; kaltetuak.lekeitiokoudala@gmail.com helbidea ireki zuzeneko testigantzak jasotzeko; eta aurrez aurreko testigantzak jaso. Udalak dozena bat salaketa jaso ditu, tartean adingabeenak.
Zuzendariaren kontratua baliogabetzeko hainbat arrazoi
Lekeition, bandako zuzendariaren eta bandaren beraren inguruan polemika sortu da, jazarpen salaketa baino kontu gehiago daudela tartean. Bandako zuzendariari kontratua bertan behera utzi zion udalak 2024ko otsailean. Izan ere, banda elkarte batek kudeatzen du, ez da udal banda, baina zuzendaria udalak zuen kontratupean. Udalak adierazi duenez, behin baino gehiagotan eskatu zaio langileari dagokion titulazioa lortzea, udalak kontratatu ahal izateko, baina zuzendariak ez du titulurik aurkeztu. Kontratua 2024ko otsailean bertan behera utzi arren, hil honen bukaera arteko tartean kontratua mantentzea erabaki zuen udalak, negoziaketen bidez irtenbide bat bilatu nahian. Udalak berretsi du banda Lekitto Musika Banda elkarteak kudeatzen duenez, zuzendaria ez lukeela udalak ordaindu beharko. Gehitu du Lekeitio moduko herri txiki batentzat “gaitza dela” 100.000 euro bideratzea bandara.
EITBk adierazi du elkartearen batzarrarekin eta zuzendariarekin hitz egin duela eta tratu txar salaketak “faltsuak” direla esan dutela. EITBri esandakoaren arabera, “udalaren maniobra da”, banda desager dadin. Naiz-ek jaso duenez, Lekitto Musika Bandak jakinarazi du bere jarduna etetea erabaki duela. Naiz-ek dio bandako kide guztiak ez daudela ados irakurketarekin.