argia.eus
INPRIMATU
Lekeitioko Euskal Zine Bilera, azken txanpan
  • Azaroaren 23an eman zitzaion hasiera, eta larunbat honetan amaituko da Lekeitioko 37. Euskal Zine Bilera. Dagoeneko perla asko pantailaratu diren arren, oraindik badago zer ikusia Ikusgarri aretoan.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 27a
37. edizioko irabazleak larunbatean jakinaraziko dituzte, Ikusgarri aretoko amaiera ekitaldian, 19:30ean. (Arg: eidabe.com)

Loreak filmaren proiekzioarekin hasi zuten igandean Lekeitioko zinemaren astea. Egunean hamabi film inguru eskaini dituzte ordutik, ekoizle eta zuzendari profesional nahiz hasiberrienak.  

Baina asteak badu eskaintzekorik igandea orduko. Ostegunean 19:00etan 2014ko Euskal Zinearen Begirada Nestor Basterretxeari eskainiko diote. Solasaldi baten ondotik, Ama Lur (1968) Basterretxearen eta Fernando Larrukerten filma eskainiko dute, Euskal Herriko zinemagintza modernoaren abiapuntu izan zena.

Larunbat goizean Lekeitioko Berbaldia egingo dute Barandiaran aretoan. Mikel Garcia ARGIAko kazetaria arituko da moderatzaile lanetan, Ane Muñoz, Aitor Arregi eta Begoña del Teso adituekin.

37. edizioko irabazleak larunbatean jakinaraziko dituzte, Ikusgarri aretoko amaiera ekitaldian, 19:30ean. Egitarau osoa Zine Bileraren webgunean.

Genero ikuspegiaren saria

Ekitaldi amaierako ohiko sariez gain, Antzar Morea Saria emango dute larunbat iluntzean. Genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lanak jasoko du sari hori, Udaleko Berdintasun Batzordearen eskutik.

Lana sortzeko prozesuan emakumearen presentzia zenbatekoa izan den ere hartzen dute kontuan.