argia.eus
INPRIMATU
Leitzaran ibaiaren ekosistema balioan jartzeko lanak egiten ari dira Andoainen
  • Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Ura erakunde publikoak lankidetza abiatu dute Leitzaran ibaiaren ibilgua lehengoratzeko. Maiatzean sinatu zuten hitzarmena eta udazken honetan ibai ertzeko landaretzari eragingo dion esku-hartzea egingo dute. Besteak beste, bisoi europarraren Interes Bereziko Eremu da Leitzaran.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko urriaren 28a
Biotopo Babestua 1995etik, Leitzarani bizitza ematen dio ibaiak (argazkia: Leitzaran.net)

Leitzarango Biotopo Babestuari izena ematen dion ibaiko ekosistema hobetzeko hainbat lan egiten ari dira Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziaren eta Andoaingo Udalaren artean sinaturiko protokolo baten baitan. Maiatzean sinatu zuten hitzarmena eta, hainbat lan aurreikusten zituzten ordukoan: presa zaharrak eraitsi, ibai-pasealekua hobetu, sanemendua egin, eta espezie inbaditzaileak desagerrarazi, batez ere saskiakaziari dagokionez.

Azaldu dutenez, udazken honetan lan horiekin jarraitzen dute eta Oria ibaiak Leitzaranekin bat egiten duen tokitik gorantz ari dira esku-hartzen. Olagain auzoko saneamendua ari dira egiten, esaterako, eta inguru horretako ibai-pasealekua ere hobetzen ari dira. Azaroan zehar Leitzaran ibaiaren landareztatzea egingo da, bestalde. Aurretik ordea, espezie inbaditzaileak ebakiko dira.

Mari Jose Izagirre, Andoaingo Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez "bertako landaredia balioetsi eta Leitzarango portaera hidraulikoa hobetzea" da helburua. Zinegotziak gogorarazi du Leitzaran Kontserbazi Bereziko Eremu izendaturik dagoela eta besteak beste bisoi europarraren bizileku dela.

Herritarrek zabor bilketa

Ez da hori izan ibaiaren bazterrak garbitzeko azkenaldiko esku-hartze bakarra. Joan den urriaren 8an udalak eta Bisitarien Etxeak antolatuta, herritarrek zabor bilketa egin zuten Tren Txikiko eta Lizarkolako kanaletan, baita Bertxingo zentraleko erreka izkinetan ere.

Leitzaran ibaian garbiketa lanak ere antolatu dituzte herritarren artean, bertako ekosistema hobetzeko bidean (argazkia: Leitzarango Bisitarien Etxea)