argia.eus
INPRIMATU
Leitzako trikuharri baten gainean ehiza-postu bat eraiki dutela salatu du Eguzkik
  • Nafarroako Gobernuari ehiza-postua eraistea, trikuharrian kalteak eragin dituen aztertzea eta azalpenak ematea eskatu diote.

ARGIA @argia 2018ko maiatzaren 25

Leitzako Iruso 1 (Iturri) trikuharriaren gainean eraiki duten ehiza-postuaren harira, jatorrizko salaketa herritar batek egin zuen. Salaketarekin batera argazki batzuk aurkeztu zituen, eta Eguzkiren hitzetan argazki hauek agerian uzten dute ondare arkeologikoaren kontrako eraso bat dela.

Salaketa medio, bai Leitzako Udalak zein Ehiztari Elkarteak oharrak plazaratu dituzte. Udalak, bere partetik, ehiztariekin zein Ingurumen Sailarekin harremanetan jarriko dela eta ehiza-postua tokiz aldatuko duela adierazi du.

Ehiztari Elkartearen adierazpenei dagokienez, “ehizako postu horren eraikuntza ehizako plan ofizialak markatutako tokian” dagoela argudiatu dute, eta eraikuntza garaian trikuharriaren seinalea “sasi artean ezkutatua” zegoela gehitu.

Azken hauen adierazpenei dagokienez, Eguzkik gauzak horrela gertatu zirela ametitzeak ehiza-postuak maparen gainean faktore garrantzitsuak kontuan izan gabe ezartzen direla ametitzea litzatekela adierazi du. Baita puntu horietan zaindu beharreko beste balore batzuk kontutan hartzen ez direla ere. Horrela bada, Ingurumen Sailaren partetik azalpena baten beharra nabarmendu du talde ekologistak, eta Nafarroako Gobernuari ehiza-postua eraistea, trikuharrian kalteak eragin dituen aztertzea eta azalpenak ematea eskatu.