argia.eus
INPRIMATU
Leioako ikasleek campusera joateko autobusen atzerapenak eta salneurriak salatu dituzte berriz ere
  • Bizkaibus autobus zerbitzuaren “prekarietatea” salatu dute ikasleek. Gipuzkoan eta Araban ikasten dutenek berriz, ordutegi-eskasiak ere salatu dituzte, atzerapenez eta prezio garestiez gain. Irtenbide posiblea ere seinalatu dute: ikasleentzako garraio txartel bereziak sortzea.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko maiatzaren 05
Bizkaibus autobusetako bat, Leioako unibertsitate-campuseko geldialdietako batean.

Bizkaibus-en arabera, urtero “2.100.000 bidaiarik erabiltzen dituzte Bizkaiko hainbat tokitatik Leioara joaten diren 19 autobus lineak”.  Egunero bataz beste 15.000 pertsona joaten dira Leioako campusera. Horietako asko autobusean igotzen dira.

Egunero autobusak jendez gainezka egoten direla salatu dute ikasleek, eta horrek segurtasun arazoak sortzen dituela: “Estu-estu joaten gara eta jendea etengabe bultzaka ibiltzen da autobusean sartu eta ateratzeko. Gehiengoa zutik joaten garenez, balaztada bakoitzean balantzaka ari gara”.

Bidai txartelak “garestiegiak” direla gaineratu dute. Bilbotik Leioarako bidai bakoitzak bataz beste euro eta hogeita hamar xentimoko kostua du, jatorriko geltokiaren arabera: “Urtero bataz beste 350 euro gastatzen ditugu bidaietan”. Asko ordaintzeaz gain, klasera berandu iristen direla azaldu dute, zerbitzuak puntualak ez direlako.

Urtero ikasleek autobus zerbitzuaren aurkako kexak aurkezten dizkiete errektoretzari mobilizazioak eginez. Joan den urteko maiatzean, Bizkaibus autobusetako bat okupatu zuten ikasleek. Iñaki Goirizelaia errektoreak garraioak sortutako gabezien aurrean neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen, baina “gaur egun oraindik ere arazoak ez direla konpondu” salatu dute unibertsitarioek.