argia.eus
INPRIMATU
Leioako campuseko Gurutze Gorriaren eraikina eraitsi dute
  • Ikasleak asteartean okupatu zuten Leioako campusean urte luzez hutsik egon den eraikina. EHUrekin negoziatzen saiatu arren, erakundeak uko egin dio negoziatzeari eta behera bota du ikasleen azken egitasmoa.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2017ko abenduaren 18a
Irudia: @Leioatik

Pasa den asteartean okupatu zuten ikasleek Leioako campuseko Gurutze Gorriaren eraikina. EHUk ez zuen begi onez jo ekimena eta negoziatzeko edozein aukera baztertu ondoren, larunbat goizean, okupazioarekin amaitzea erabaki zuen: Ertzaintza eraikin barruko ikasleak kanporatzeaz arduratu zen, eta hondeamakinak urte luzez hutsik egon den eraikina eraitsi zuten.

Sare sozialen bidez eman zuten jakitera ikasleek Ertzaintza Leioako campusean zela. Eraikina husteko agindu zieten arren, segurtasun indarrek inongo agiri ofizialik ez zutela erakutsi salatzen dute Gurutze Gorria babesteko asmoz gaua bertan pasa zuten ikasleek. EHUk autogestioa eta jabetza kolektiboan oinarritutako proiektu oro “zapaltzen” duela adierazi du ikasle mugimenduak. Mobilizazioak iragarri dituzte hurrengo egunetan gertatutakoa salatzeko.