argia.eus
INPRIMATU
Leioako adingabe batek jasandako sexu erasoa salatu dute ehunka pertsonak
  • Urriaren 31n Leioako emakume batek jasandako sexu erasoa salatzeko agerraldia egin dute asteazken arratsaldean ehunka pertsonak. Karguekin aske utzi dute erasoa egitea egotzita atxilotutako gizona.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 03a
Leioako adingabe batek jasandako sexu erasoa salatu dute ehunka pertsonak (Arg: Hiruka)

Bertako hainbat elkartek eta udalak antolatu dute kontzentrazioa. Bost minutuko isilunea egin dute, eta ondoren gertatutakoaren inguruko agiri bat irakurri du Mugi Leioako Gazteak elkarteak.

Gertatutakoarekin “haserre” sentitzen direla azaldu dute idazkian, eta horrelako jarreren aurrean “pasibotasunetik subjektu aktibo izatera eta salaketatik ekintzara igaro beharra dagoela” esan dute. Leioako Udalak, Emakundek eta Leioako Andrak emakumeen taldeak ere elkartasuna adierazi dute biktimarekin eta bere familiarekin.

Larunbat goizaldean salatu zuen adingabeak sexu erasoa. Leioako Elexalde auzoan gertatu zen, 02:45ean, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten. 03:30ean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezko bat, eta karguekin aske utzi zuen asteazken goizean, epailearen aurretik igaro ostean. Biktima etxean da dagoeneko.