argia.eus
INPRIMATU
Leihotik begiratzeko poemak
Maddi Galdos Areta 2025eko azaroaren 18a

Auzokinak
Gorka Erostarbe
Elkar, 2025

------------------------------

Esekitoki bat, zabaldutako ehunak eta bi txori dakartza azalak, leihora arrimatzera baikaramatza Auzokinak liburuak, gure sokek eta bizilagunen sokek topo egiten duten lekura, alegia. Izan ere, auzoari eta, zehazki, haren hondarrei begira ondu du Gorka Erostarbe Leundak (Zumarraga, 1977) bere ibilbideko lehen poema bilduma. Auzotik bertatik sortu du, eta auzokideei eskaini ere egin die, besteak beste. 

Adiera hertsian, izen propiodun auzoa da orriotakoa, joan eta bertan topa genitzakeenak baitira lerrootakoak: Irimo mendiaren magala eta Zelai Ariztiko frontoia, adibidez; baita bizilagunak ere, hezur-haragizko, banketxe, okindegi, farmazia eta anbulatorioko ilaretan. Are, auzoa espazio eta denboren arteko pasabide denez, bertatik haragokoak ere badira liburuan: errepide bihurgunetsu bat berdin balio duena laneratzeko zein hondartzara joateko, Loiola eta meandroko urak, Urola Kostako herriak eta gasolindegiak; orainaldikoak zein iraganekoak edo, bestela esatearren, haurtzarokoak zein helduarokoak.  

Hala eta guztiz ere, esangurok zabalagoekin bilbatu ditu poetak eta gure aldiaren inguruko galderak jaulki asmoz; askotariko gaiak aletzeko darabil auzoa. Agur keinuetan neurtzen den gozotasun eta hoztasunaren arteko tenka, mundu mailakoak diren baina auzoetan gauzatzen diren miseria eta zapalkuntzak, memoria eta ahaztura, garaiotan bizkarroi ditugun gaitzak eta apalategietan ugaritu diren autolaguntza liburuak, historikotzat jo genitzakeen eta egin gaituzten gertaerak eta egunerokoan jazotzen direnak dakarzkigu, tartean, Erostarbek. 

Bost ataletan banatuta daude olerkiak: Auzoaren er(r)otika, Zaurien kartografia, Kaiolak eta beruna, Biziraupen errituak eta Argi xafla xumeak. Aitzin-solas eta gibel-solas bana ere badakar bildumak, zeintzuek idazketaren funtsaren eta bizi dugun aldiaren inguruko galderak proposatuta bilduma biltzen duten. Poema luze eta kutsu narratibodunak daude, bestetzuk laburragoak dira, eta bada zerrenda itxuran idatzitako bat ere. Halaber, atentzioa ematen du han-hemenkako erreferentzia kulturalen ugaritasunak: pop ikurren presentzia da azpimarragarri. 

Erre bitza suak / soszale eta jauntxo goikoen gerrakeriak oro / berrindar bitza / auzo-jende nekatuen bisaiak eta bizitzak” dio zumarragarrak. Bada, urrun iritsi bedi gertu izanagatik arrotz sentitu ohi dugunera hurreratzeko deia.