argia.eus
INPRIMATU
Lehia estu baten ostean, Nawrocki eskuin muturreko hautagaiak irabazi ditu Poloniako presidentetzarako hauteskundeak
  • Presidentetzarako bozen lehen itzulian bigarren gelditu ostean, hautagai independenteak puntu bateko aldea atera dio Trzaskowski egun gobernuan dagoen alderdi europazaleko hautagaiari. Emaitza ofizialak argitaratu arte ez da argi egon zein izan den bozen irabazlea, bigarren gelditu den hautagaiak bere burua garaile gisa jo duela ere zenbaketa amaitu gabe zegoenean. Horrela, Donald Tusk lehen ministroaren alderdiak ez du neurriak oztoporik gabe aurrera eramateko aukera izango, gobernuak proposatutako neurri orori betoa ezartzeko eskubidea baitu Poloniako presidenteak.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko ekainaren 02a
Karol Nawrocki eskuin muturreko hautagai independentea izan da garaile Poloniako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Slawomir Kaminski / Reuters

Duela bi aste eginiko lehen itzulian gertatu bezala, inkesta gehienek bi hautagai nagusien arteko lehia estua aurreikusten zuten Poloniako presidentetzarako bigarren itzulirako. Emaitzek hori berretsi dute: Karol Nawrocki eskuin muturreko hautagai independenteak botoen %50,89 lortu ditu; Rafal Trzaskowski egun gobernuan dagoen alderdi europazaleko hautagaiak, berriz, botoen %49,11. Poloniako Hauteskunde Batzordearen arabera. Botoen zenbaketa amaitu eta emaitza ofizialak argitaratu arte ez da argi egon zein izan den bozen irabazlea, eta horren adierazle da Trzaskowskik bere burua jo duela garailetzat zenbaketa oraindik amaitu gabe zegoela.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Ruttek sare sozialen bidez zoriondu du Poloniako presidentetzarako bozen garailea, baina haren izena aipatu gabe. "Oker ez banago, dagoeneko badago irabazle bat", adierazi du Ruttek, baita harekin lan egiteko "gogo handia" duela ere. Europako hainbat agintarien mezuez gain, Etxe Zuriak ere zoriondu du Nawrocki: haren argazki bat argitaratu dute Donald Trump AEBetako presidentearekin batera, maiatzaren hasieran Washingtonera joan baitzen hura bisitatzera.

Azken urteetan eskuin muturra Europan izaten ari den hazkundearen adierazle, Poloniako presidentetzarako bozen irabazlearen hauteskunde kanpaina "familia tradizionalaren eta kristautasunaren" defentsan eta "Poloniaren eta poloniarren subiranotasunean" oinarritu da, besteak beste. Horrez gain, LGTBI komunitatearen eta abortuaren aurkako mezuak esan ditu, eta "legez kanpoko migrazioaren" aurka agertu da behin eta berriz.

Tusk lehen ministroaren asmoak hautsi dira

Hautagai independente gisa aurkeztu den arren, PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadoreak Nawrocki babestu du hauteskunde kanpainan zehar. Hain zuzen, Poloniako Hauteskunde Batzordea bozen emaitza ofizialen berri eman ostean, 2015etik herrialdeko estatuburua izan den PiSeko buru Andrzej Dudak zoriondu egin du presidentetzarako bozen irabazlea sare sozialen bidez: "Lehia zaila baina ausarta egin duzu Poloniaren eta gure aberriaren arazoak kudeatzeko borrokaren alde. Zorionak garaipen izugarri honengatik kanpainaren azken minutura arte".

Legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeetan garaile izan arren, lehen bi aldietan lortu du PiS alderdiak gobernua osatzea: 2023an jarduneko gobernua osatzea lortu bazuen ere, babes faltagatik bertan behera geratu zen, eta urte horretako abenduan Donald Tusk Plataforma Zibila alderdiko burua izendatu zuten herrialdeko lehen ministro, gobernu koalizio berriko buru gisa. Hain zuzen, Tusken itxaropena zen haren alderdikide Trzaskowskik irabaztea presidentetzarako bozak, euren alderdiaren proposamenak oztoporik gabe ezartzeko asmoz –Poloniako presidenteak gobernuak aurrera eramandako edozein proposameni betoa ezar diezaioke–.