'Lehengo batean, Bentaundi erdian, Xabier anaia hil zuten'

  • 50 urte beteko dira ostegunean Bentaundin guardia zibilek Txabi Etxebarrieta etakidea hil zutela. Larunbatean, ekainak 2, lore eskaintza egin diote bertan eta ondoren ekitaldi politikoa izan da Pizkundearen plazan. AVT elkartekoak ere azaldu dira ekitaldian, protesta egiteko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko ekainaren 04an - 10:08
Tolosan egin denarekin batera, ostegunean, ekainak 7, Derioko hilerrian lore eskaintza egingo zaio Txabi Etxebarrietari eta iluntzean manifestazioa abiatuko da San Anton elizatik Etxebarrieta anaien plazara. (Argazkia: Tolosaldeko Ataria)

Etxebarrieta memoria elkarteak antolatu ditu ekitaldiak eta ezker abertzaleko hainbat kide ezagunek hartu dute parte. Bentaundin, lore eskaintza egin eta Jokin Aranalde militante historikoak hitz batzuk egin ditu. Handik kalejiran etorri dira Pizkundearen plazara. Txalapartariak, dantzariak, musikariak eta bertsolariak izan dira.

Itziar Aizpuruak hartu du hitza ekitaldi politikoan: "Eskerrik asko militante izan zareten guztioi, herria honaino ekarri duzuenoi, baina eskerrik asko, batez ere, hemendik aurrera jarraituko duzuenoi". Txabi Etxebarrietaren irudiari begira, horrela bukatu du bere hitzartzea Aizpuruak: "Txabi gurea, ez zaitut une batean ere ahanzten eta Jokinek ere barru-barruan eduki zaitu beti. Orain, biak zaudete nire barnean". Ekitaldian, Txabi eta Joxean Etxebarrieta anaien ondorengoak egon dira, tartean, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko zinegotzia.

Haimar Altuna, Gipuzkoako Sortuko arduradunak hartu du hitza ondoren eta Etxebarrietaren heriotza "une esanguratsuan" etorri zela aipatu du, "Euskal Herrian, Frankismoaren aurkako erresistentziak, euskal kultura, hizkuntza eta langile borrokaren kontzientziek bat egin zuten unean". Belaunaldi horrek abiatu zuen borroka izan du gogoan Altunak eta aipatu du utopia izan zitekeen hori, errealitatea bihurtzera doazela orain. "Ekin beraz, aurrera, eta begirada bat askatasunari", aldarria eginez bukatu du.

Hain justu, Begirada bat askatasunari leloa aukeratu du sortu berri den Etxebarrieta memoria elkarteak egunotan egingo diren ekitaldiak izendatzeko. Gaur Tolosan egin denarekin batera, ostegunean, ekainak 7, Derioko hilerrian lore eskaintza egingo zaio Txabi Etxebarrietari eta iluntzean manifestazioa abiatuko da San Anton elizatik Etxebarrieta anaien plazara.

AVTren elkarretaratzea

Pizkundearen plazan AVT elkarteko kideak ere agertu dira protesta egitera. Egia, memoria, duintasuna eta justizia zioen pankarta zabaldu eta Jose Pardines guardia zibila gogoratu nahi izan dute. Azken egunetan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan salatu ditu gaur Tolosan egitekoak ziren ekitaldiak. Hala ere, normaltasunez gauzatu ahal izan dira.

Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Une batean, telebista kamara baten laguntzaz, jende artean galderak egin eta oihuka aritu da pertsona bat, Pardines guardia zibilaren memoria ahotan hartuta. Ekitaldia zapuztu nahian zebilela ikusita, udaltzainek eraman dute Pizkundearen plazatik.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Angel Egaña gudariaren gorpuzkiak ekarriko dituzte igandean Arrankudiaga-Zollora

Udalak jakinarazi du herrian bertan egingo diotela omenaldia apirilaren 28an. Igande honetan, aldiz, beste 198 fusilaturekin batera omenduko dute Valladoliden, baina ez dute hango memorialean hobiratuko.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


'Oroibidea', memoria historikoaren erreferente digitala 23.000 biktimaren datuekin

Nafarroako Gobernuak Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoaren artxibo digitalaren plataforma, Oroibidea, gaurkotu du eta bildutako errepresaliatuen testigantzak laukoiztu dituzte.


Eguneraketa berriak daude