Lehen sektoreko 12.852 lanpostu galdu dira Euskal Herrian 1999tik hona. Arrantzan, basogintzan, nekazaritzan eta abeltzaintzan enpleguak %33,4 egin du behera urte horietan, eta beherakada bortitzagoa izan da azken urteotan, krisi ekonomikoaren ondorioz.
Gaindegiaren txosten baten arabera, ordea, sektoreak “bere krisi propioa bizi du aspaldion”.
Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak dioenez “bideragarritasun ekonomikorako zailtasunak eta Europar Batasunean adostutako politikak itotzen ari dira tradizioz gure ekonomiari eta euskal kulturari engaiatua dagoen sektorea”.
Egun, Euskal Herriko Balio Erantsi Gordinaren %1,3 baino ez da oinarritzen lehen sektorean. Baina zenbait eskualde eta lurraldetan pisu nabarmena du; Nafarroa Beherean, esaterako, lanean dabiltzan herritarren %19k sektore horretan jarduten du.