Lehen hauteskundeak aro politiko berrian

  • Hauteskunde kanpaina berezia abiatu da bart Hego Euskal Herrian. Azaroaren 20ko Espainiako Estatuko bozak lehen hauteskundeak izango dira ETAk  jardun armatua amaitu duenetik. Sentsibilitate politiko guztiak presente izango dira bozetan. Ziurrenik  2008ko emaitzak aldatu egingo dira, Amaiurren presentziak eraginda.


2011ko azaroaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-03-03 15:57:58
Abian dira hauteskundeak Hego Euskal Herrian

EAJ

Bakea berreskuratuta, normalizazio politikoa eta lana aipatu zituzten atzo EAJren kanpaina irekieran Gasteizen. Iñigo Urkulluk ekonomia berrabiarazteko ehun neurriko kanpaina defendatu zuen. Zerrenda buruak Arantza Tapia (Gipuzkoa), Emilio Olabarria (Araba) eta Josu Erkoreka (Bizkaia) dira EAEn. Olabarria eta Erkorekak hautagaitza errepikatuko dute, eta Tapia lehen aldiz aurkeztuko da, Jose Ramon Belokiren lekuan, honek politika uztea erabaki baitu. Senatuko zerrenda buruak Claudio Rodriguez (Araba), Iñaki Anasagasti (Bizkaia) eta Lorea Leanizbarrutia (Gipuzkoa) dira.

Nafarroan Geroa Bai koalizioan aurkeztu da, Zabaltzen eta Atarrabia Taldearekin batera. Uxue Barkos izango da kongresurako zerrendaburua eta Laura Álvarez de Eulate Leon da senaturako.

Amaiur

Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioa da Amaiur. Maiatzaren 20ko hauteskundeetan Bildu koalizioak lortutako emaitzak ikusita eta Aralarren baturarekin Kongresuan talde propioa izan nahi du koalizioak. Kongresurako zerrenda buruak hauek izango dira: Iñaki Antigüedad (Bizkaia), Maite Aristegi (Gipuzkoa), Iker Urbina (Araba) eta Sabino Cuadra (Nafarroa). Senatuko zerrenda buruak ondorengoak dira: Jonathan Martinez (Bizkaia), Amalur Mendizabal (Gipuzkoa), Pedro Mari Olaeta (Araba) eta Maite Iturre (Nafarroa).

PSE-EE/PSN

Patxi Lopézek ireki zuen PSE-EEren kanpaina Donostian. Bake bidean aurrera egiteko batasunerako deia egin zuen "beren kezka subiranistak mahai gainean jarri dituztenen aurrean". Ramon Jauregi (Araba), Odón Elorza (Gipuzkoa) eta Eduardo Madina (Bizkaia) dira EAEko zerrendaburuak kongresurako. Nafarroan Juan Moscoso izango da PSNren kongresurako zerrendaburua eta María Chivite berriz senaturako.

PP/UPN-PPN

Espainian Mariano Rajoyk irabaziko ditu presidentetzako hauteskundeak inkesta guztien arabera. Euskal Herrian ETArik gabeko egoera berrian alderdia zer moduz moldatzen den ikusteko lehen aukera izango da. Ondorengoak dira kongresurako zerrendaburuak: Alfonso Alonso (Araba), José Eugenio Azpiroz (Gipuzkoa), Leopoldo Barreda (Bizkaia). Senaturako zerrendaburuak, berriz, ondorengoak dira: Ramón Rabanera (Araba), Asunción Guerra (Gipuzkoa) eta Ascensión Pastor (Bizkaia).

Nafarroan UPN eta PPN batera aurkeztuko dira. Hauen zerrendaburua kongresurako Carlos Salvador da eta senaturako Amelia Salanueva.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude