Lehen Francok eta orain ETAk? Mesedez eta faborez...

  • Aurrekoan, aro berri bati eman dio hasiera Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak: “ETAren errua” izango da aurrerantzean, eta ez diktadorearena, hainbat lagunek eta taldek euskara ikasi ez izanaren ardura, antza. Marka da gero!


2017ko ekainaren 20an - 08:34

Duela hiruzpalau igandera arte, bertoko erdaldun elebakarrei euskaraz nolatan ez zekiten galdetuta, Francori egozten zizkioten erruak sarri askotan. Berrogei urtez gorakoetan hori izaten zen erantzuna, asko eta asko, Francoren azken hatsetan jaiotakoak izan arren, baina askoz jende gazteagoak ere haren aitzakia ematen zuen erantzun, masailak ia gorritu gabe.

Aurrekoan, aro berri bati eman dio hasiera Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak: “ETAren errua” izango da aurrerantzean, eta ez diktadorearena, hainbat lagunek eta taldek euskara ikasi ez izanaren ardura, antza. Marka da gero!

Ertzaintzan euskaldunak hutsaren hurrengo izatearen ardura zuzena, Eusko Jaurlaritzarena eta hasieratik egun arteko Barne sailburuena da, ETAren mehatxuak mehatxu. Arkautin bertan eskaini izan dira euskara eskolak, eta ez dira gutxi euskaltegietan euskara ikasten aritu izan diren ertzainak, beste edozein herritar bezala. AEK-n bertan ere, izan genituen ertzainak ziren eta hala aurkezten ziren ikasleak.

2014an mustu zen Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko lehen plana! Eusko Jaurlaritzak eta Barne-sailak bazuten eta badute nahikoa baliabide (guztion diruetatik ordainduak) euskaldunen alde egin dutena baino askoz gehiago egiteko. Borondateak egin die huts, batez ere. Edo ETArena ote da ere, Beltran de Heredia sailburuaren (eta Jaurlaritzako beste arduradun askoren) euskara-maila urria? ETAk eragotzi ote zien euskaraz trebatzea horiei guztiei ere?

ETAk behartu zuen Patxi Lopez handia, dirutza publikoa xahutu eta etxera bertara zihoakion irakasleari behin eta berriz kalabazak ematera?

Ertzaintzan euskara bazterrean utzi izanaren ardura, Jaurlaritzak eta Segurtasun saileko arduradunena da, erreskadan. Ez ETArena.

Jaurlaritzak behar izan ditu hogeita hamabi urte, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana lehenengoz ezartzeko Ertzaintzan. Ez ETAk.

Ikus bestela espainierak zer nolako garapen handia izan duen, Guardia zibilak, Borboiak, GAL eta enparauak, Iturgaitz, Urquijo eta Zubitur, Legioak eta ahuntzak, torturatzaileak eta beste hamaika bidelagun anker izan dituen arren! Oztopo guztien gainetik, espainiera normalizatu eta hedatu egin dute bazter guztietara. Baita gure nazio foraleko aginte organo guztietara ere, pentsa!

EAJk gobernatzen dituen erakunde gehienetan, urtean behin euskarari aitortu ohi dioten maitasun platoniko handiaz haratago, euskaldunekiko arreta oso urria izaten da praktikan. Jaurlaritzaren euskararen aldeko sentiberatze “planak”, adibidez, oihalezko txantxangorri mutuak ditu ardatz. Hala, eraikinean sartzen zaren aldiro, segurtasuneko langile azpikontratatuek “buenos días” esatea aski izan ohi da, txori papargorriaren magia eta eragin guztia desegiteko di-da.

Baina aizu, Beltran de Heredia andrea. Gauza bat da birusak eta txantxangorriak erabiltzea euskaltzaletasun plantak egiteko, eta beste bat, zeure eta Ertzaintzaren aurreko agintarien hizkuntzaren arloko jokabidearen ardura ere, ETAri egoztea. Aresen edo PPSOEren esku-liburutik hartutako erantzuna dirudi, egia esan.

Alabaina, pentsatzera jarrita… Gipuzkoan eta Bizkaian Radiata pinuen ugaltzea ere ez zen ETAren sorrerarekin batera gertatu? Ertzaintzan euskararekin gertatu (ez) dena justifikatzeko balio ez badizue, ahalegindu pinuen hedapen ETA-garaikidearekin. Ea hortik...

 

JJ Agirre (Euskara teknikaria, ELAko kidea)

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude