“Behin batean gertatu zen eta ordutik aurrera egunero gertatzen da […] ez dezagun ikus hemen gertatzen dena. Halaxen da mundua, eta gaur egunean inor ez da profeta bere mendean”.
Beste zerbaitez hitz egin zidaten behin eta ordudanik, ezin dut ezer bestela ikusi eta inoiz egingo ez nukeen ezer, eta bakarrik sortu ezin dena, egiten bukatu dut egunero. Eta nekatzen naizenean, momentu batez bista urdintzen zaidanean, desagertzen naizela sentitzen dudanean, identifikatzen nautenean, beldur horretan, gogoratzen dut ez naizela bakarra eta orduan, aurrera jarraitzen dut.
“Nire lehen aldia da” izan zen behin: lehen pausuak ematea, zure lehen hitzak (“ama”), lehen ilusio bat (musu bat) eta horrek dakarren porrota, zerbaiten parte izatea, gerturatzen hastea, manifestazio bat antolatzea.
Aurrenak elkarri gogorarazten dizkiogu nor garen argitzeko bideorria direlako, inoiz egiteari utzi ez diozuna izateagatik edo berriz ere errepikatu ez izateagatik dira gure nortasunaren lekuko.
Ez dut agur faxistarik nahi, ez dut faxistarik agurtu nahi, ez dut bonbarik nahi, ez dut NATOrik nahi
Bistan da, mundua zahartzen ari da eta aurrez aurre dugu, ez lehenengoz, baina bai erreakzio berri bat. “Historia errepikatzen da” esaldi mitikoa, eta gainera, egia izan behar.
Eskura dugu tresneri oso bat (mugikor nazkagarri horrengatik da guztia) inon ez egoteko milaka aukera eskaintzen dizkiguna, eta bitartean, bakoitza bere pantailara (boomer) ukigarria den oro aldatzeko gai izaten ari dena.
Ez dut agur faxistarik nahi, ez dut faxistarik agurtu nahi, ez dut bonbarik nahi, ez dut NATOrik nahi, ez dut poliziarik nahi, ez dut alboan infiltraturik nahi, ez dut murrizketarik nahi, ez dut, ondorioz, gastu militarrik nahi, ez dut mugan hildakorik nahi, ez dut genozidiorik nahi.
Eta abar.
“Ekintza bat ezeztatzea helburu duen erantzuna” eta “lehen abolitutakoa berrezartzearen aldekoa dena” ez dira gauza berdinak, eta horregatik dagokigu bigarrena ahalik eta indartsuenen kolpatzea. Urtarrilaren 25a da horren efemeride bat. Argi edukita ez dugula denbora egun soil batean jokatzen, beste errealitate baterako baldintza bermatzean baizik.
Ortzimuga, finean, jendea denean, deiadarra noiz hasi eta bukatzen den bereizi ezin denean, lehen aldiz oihu bat jarraitzean, zuk bat hastean, ahots batez kaleak hartzean, jakinda hemen bukatzen ez dela, dagoena onartu ala borrokara batzea.
“Ez dut inoiz pentsamendu original bat izan” ez baikara bakarrak munduan. Zer eginik ez duela pentsatzen duenarentzat, denborak ihes egiten diola eta bere existentziak ekarpenik egin ezin duelakoan, bihotz bete batetik hitz batzuk:
“Mugimendu batekin bat egiteak esan nahi du prestatzen diren gertakizunen erantzukizunaren parte bat bere gain hartzea, gertakizun horiexen egile zuzen bilakatzea […]. Bere klase esklabotzaren pisua bizkarrean sentitzen duen gazte proletario orok egin behar du bere askapenerako lehen ekintza, etxetik gertuen duen gazte antolakunde sozialistan izena emanez”.