argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Legebiltzarraren antzerkia

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko martxoaren 27a

Teatroa hastera zihoala zioen Glaukomaren 2013ko kantu batek. Kañeroa abestia, ezkorra, errealista, eta ezeren gainetik kritikoa, aldarrikatzailea; ziur hura entzunda lepoko zainen bat borborka jarriko zitzaiokeela baita ezagutzen duzun auzokide eskuinekoenari ere. Edo agian hobe zatekeen, orduko hartan bederen, kantua ez erakustea. Akaso epailearen aurrean jesarrarazi nahiko zituzkeen-eta, nork daki, ezer gutxigatik kriminalak bailiran epaitzen baitziren halakoak Espainian, besteak beste politikarien ustelkeria salatzeagatik –gerora, zenbaitetan, frogatuta geratu da–. Mozala erantziko zigutela hitzeman zuten arren, baten batek jan du bere hitza, eta hemen ez da ezer pasatzen.

Hamar urte igaro dira legebiltzarraren antzerkiaz oholtza gainetik horrela ohartarazi zutenetik, eta esaldi hura bera etorri zait gogora azken asteotan ikusitakoen ondotik. Orainaldian konpultsiboki bizi gara, munduarekin pultsu etengabean, orain-orain-orain eta pasa den astekoaz zeharo ahaztuta, baina badirudi, ordea, ez garela askorik aldatu –beste argudio bat, bide batez azkenekoz aipatuko dut Glaukomaren kantua: “Euskal Herria igandero "viendo el conquis” ere bazioen kantuak; aldatu den bakarra, igandetan beharrean astelehenetan dela–.

Zientzia politikoen akademian asko erabiltzen da Robert A. Dahl-en On Democracy (“Demokrazia”, 1998) liburua. Sistema politiko garaikidea eta tartean botereen banaketa ulertzeko hainbat gako esanguratsu ematen dituela esaten da, eta bere horretan, sinpleenera jota, erraz uler daiteke legeak egin eta onartzearen zeregina herritarrek hautatuko alderdi politikoena dela, legebiltzarrarena; eta gobernuan dagoenaren ardura dela, berriz, lege horiek praktikan jartzea, exekutatzea. Teoria ondo ikasita daukanak, ordea, zaplazteko ederra jasotzen du aplikazio erreala ikusita, batak bestea zapaltzeko –edo betikoak betikoa zanpatzeko– mila tramankulu dituelako. Izan daiteke 49.3 artikulua edo izan daiteke beste edozer, baina jazarri nahi duenak hala egiten du. Legez babestuta dago, agintean dagoenak legeak egiteko zeregina duenari eskumena indargabetzea. “Zuen babesa behar dut; baina lasai, ez banauzue babestuko ere berdin zait, zuen gainetik nago-eta”. Populartasuna galduko zuen Macronek, baina ez dio gehiegi axolako, legez ezin baitu berriz ere presidentetzara aurkeztu. Mauka ederra berea, ez baitu ezer galtzeko.

Bestearena ere ez da atzean geratzen, bere aurkako zentsura moziora irribarretsu sartzeko modua aurkitu duelako. Ez zegoen zalantzati, tronua galtzeko beldurrik ez zuen, eta kamera aurreko minutuak boto emaileei masajea emateko baliatu zituen Sánchezek. Parean zuenak, ustezko hautagaiak, presidentearen diskurtsoan aspertu egin zela aitortu eta ezer gutxi gehiago egin zuen. Hauxe da legebiltzarraren antzerkia? Egon, Hego euskal herritarrok, hartu agenda: bi hilabete falta dira maiatzerako. Eta gero esan zer den hau, drama ala komedia.