Langileak amiantoak eragiten duen minbizi mota bat dauka eta 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote, EAEko Auzitegi Gorenak zigorra berretsi baitu.
EAEko Justizia Auzitegi Gorenak ukatu egin ditu CIE Legazpik eta Sidenorrek (Patricio Echeverria enpresaren ondorengoak), eta Legazpiko Udalak aurkeztu zituzten helegiteak, eta Eibarko Epaitegiaren epaia berretsi du. Orain-ek jaso duenez: 376.305 euroko kalte ordaina eman beharko diote amiantoa dela medio minbizia daukan langile bati.
Langilea desagertutako Patricio Echeverria enpresan hasi zen lanean 1970ean. Bertan amiantoz estalitako labeekin egiten zuen lan. Enpresak ez zuen material kantzerigenoak isurtzen dituen zuntzak kanporatzeko erauzgailurik, eta ez zituen materialaren arriskuetaz langileak informatu ezta babes ekipamendurik eskaini ere, Noticias de Guipuzkoak zabaldu duenez. 1979 eta 2016 artean Legazpiko Udalarentzat egin zuen lan iturgin gisa, eta amiantoz egindako fibrozementuko konponketetan ere parte hartu zuen. Asviamie elkarteak (Amiantoren Biktimen Euskal Elkartea) salatu du Legazpiko Udalak ez zuela arriskuetaz informatu eta osasun azterketarik ez ziola egin. CIE Legazpik eta Sidenorrek material kantzerigenoaren eraginpean egon zenaren frogarik ez dagoela adierazi zuten helegitean, baina Auzitegi Gorenak helegitea baztertu du.
2023ko urrian langileari pleurako mesotelioma gaitza aurkitu zioten, amiantoarekin zuzenean lotzen duten gaixotasuna. 2024an lanbide gaixotasunak eragindako ezintasun absolutua onartu zioten.