argia.eus
INPRIMATU
Frantziako lehen ministro Lecornuk gobernu berria aurkeztu du, parlamentuak onartuko duen esperantzan
  • Duela astebete, urriaren 6an, gobernua osatu eta hamalau ordura, Frantziako lehen ministro Sébastien Lecornuk dimisioa aurkeztu zuen, bost egunera berriz ere karguari heltzeko. Orain arteko bide sigi-sagatsua zuzendu nahi du aurkeztu berri duen gobernu-taldearekin. Parlamentuaren oniritzia lortu beharko du horretarako.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko urriaren 13a
Frantziako Gobernua / AFP

Besteak beste, Parisko poliziaren prefektu Laurent Nuñez proposatu du Barne ministro kargurako, SNCF tren konpainiako buru Jean-Pierre Farandou izango litzateke Lan ministroa, WWF erakunde ekologistako presidente Monique Barbut Trantsizio Ekologikorako ministroa, Cathérine Vautrin Defentsakoa, Roland Lescure Ekonomiakoa, Gérald Darmanin Justiziakoa eta Rachida Dati Kulturakoa. 34 kide izango ditu orotara.

Ikusteke dago orain ea parlamentuak gobernu talde berri hori onartzen duen ala, aitzitik, egoera berriz ere blokatzen ote den.

Dimititu, berriro izendatua izateko

Urriaren 6an Sébastien Lecornu lehen ministroak dimisioa aurkeztu zuen, gobernua osatu eta hamalau ordura. Lecornu irailaren 10ean izendatu zuten lehen ministro, bere aurretik François Bayrouk konfiantza mozioa galdu ondoren. Uztailean, hurrengo lau urteetarako aurrekontuak aurkeztu zituen Bayrouk. Eztabaidaren erdigunean jarri zuen herrialdeak duen zor publikoa, baina kritika handiak eragin zituen hurrengo urteetako aurrekontuetan urtero 43.800 milioi euro murriztu nahi zituela iragarri zuenean, besteak beste, pentsioak izoztuta, lan publikoak eta osasuneko gastua murriztuta, baita bi jai egun nazional kenduta ere.

Astelehen goizean aurkeztu zuen, hortaz, dimisioa Lecornuk, eta Macronek, lehen unean, onartu egin zuen. Baina bazkalondoan atzerapausoa eman zuen. Lecornuri azken ahalegina eskatu zion: 48 orduko epean negozia zezala legebiltzarreko alderdiekin, eta era zezala “ekintzarako plataforma egonkorra”. Ardura hartu zuen Lecornuk; asteazkenean (urriaren 8an) jakinaraziko zuen ea beste gobernu bat osatzea posible den ala ez.

Urriaren 7an, Gorka Peñagarikano kazetariak agertoki posibleak aztertu zituen ARGIAn, Ahalegin bat gehiago Macronek: azken aukera Lecornuri artikuluan. Bertan zioen posible zela Macronek lehen ministro berria izendatzea, eta berriz ere hutsetik hastea.

Urriaren 8an, ordea, egoerak blokeatuta segitzen zuen. Zehaztasunik gabeko erantzun lausoak izan ditu Lecornuk, eta horrela jakitera eman zuen, demagun, "balitekeela" lehen ministroaren izendapena aste bukaera aitzin etortzea: "Uste dut bide bat irekita egon daitekeela oraindik. (...) Uste dut egoerak egingarri bihurtzen duela 48 ordu barne lehen ministro baten izendatzeko aukera". Elkarrizketa bukatu bezain laster baieztatu zuen informazioa Eliseoak: ondoko bi egunetan jakinen zen lehen ministro berriaren aurpegia.

Eta, hala izan zen, urriaren 10ean lehen ministro berria izendatu zuen Macronek: Sébastien Lecornu bera. "Errepublikako presidenteak eman didan misioa onartzen dut –betebeharrez–, Frantziari urte amaierarako aurrekontua ematea eta gure herrikideen eguneroko bizitzako arazoei erantzuteko ahal den guztia egitea", adierazi du Lecornuk. Bestalde, gobernu talde berriak gaitasunen berritzea eta aniztasuna gorpuztuko dituela zioen Lehen ministroak.