Hazan: "Espainiak gatazkaren amaieran hartu duen jarrera arriskutsua izan daiteke"

  • "ETAk borroka armatua utzi zuenetik bi urte pasa direnean, itxaropen eta frustrazio sentimenduak lehian ari dira Euskal Herrian", idatzi du Liberation egunkarian Pierre Hazan suitzarrak, Brian Currin buru duen gatazka konpontzeko Nazioarteko Harremanetarako Taldeko sei kideetako batek.


2013ko azaroaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Pierre Hazan: "Oso garrantzitsua da biktima guztien sufrimendua onartzea; Madrilentzat biktima bakarrak ETAk eragindakoak dira" (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Itxaropena, bakeranzko bidean urratsak eman direlako. Esaterako, ezker abertzalea, "modu lotsatian" bada ere, biktimei barkamena eskatzen hasi delako. Halaber, Egiaren eta Adiskidetzearen aldeko lan-taldea sortzeko eskatu du. Horrez gain, ETAko kideek publikoki adierazi duten haien damua; eta 2012an, ETA, GAL eta poliziaren 25 biktimak adierazpen bateratua aurkeztu zuten, "oinarri etiko komuna" ardatz zuena.

Garai bertsuan, poliziak 1960-78 artean eraginiko biktimei kalteak ordaintzen hasi zen Eusko Jaurlaritza, eta 1978tik aurrerako urraketak jasoko lituzkeen bigarren dekretuaren inguruan ari dira lanean. Euskal Memoria fundazioak azken 50 urteetako 4.700 tortura kasu baino gehiago jaso ditu Oso latza izan da liburuan, eta datu horiek aztertu egin beharko direla zioen Manuela Carmenak, Jaurlaritzaren aholkularia Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Batzordean, iazko abenduan Berria egunkariak plazaratutako elkarrizketan.

Hazanek Liberationen dioenez, "Madrilentzat biktima bakarrak ETAk eragindakoak dira". Eusko Jaurlaritzaren lan-taldeak emandako datuen arabera, ETAk 837 lagun hil eta 2.500 baino gehiago zauritu ditu; segurtasun indarrek 94 hil eta ia 750 zauritu; eta talde parapolizialek 73 hil eta 400 baino gehiago zauritu. "Madrilek, ordea, ez du biktimen multzoa ETAk eragindakoetatik harago handitu nahi", idatzi du Harremanetarako Taldeko kideak.

Erantzukizunak onartzeko garaia

Liberation-en nabarmendu duenez, ETA ez da guztiz desagertu, nahiz eta armak entregatzen hasteko borondatea agertu duen. Behin betiko disoluziorako urratsa liteke hori, Frantziako eta Espainiako gobernuen aldetik inplikazioa eskatzen duena, espetxe politika aldatzea, kasu.

Oztopoak oztopo, bi urteotako lanak fruiturik eman duela uste du Hazanek: ETAk ez du "iraultza zerga" baliatzen; eta "nazionalista independentistak" bigarren indarra bilakatu ziren EAEn 2011n (botoen %25arekin), EAJ "alderdi nazionalista baina ez independentistaren" atzetik. "Madrilek, ordea, bere ikuspegiari heltzen dio: Espainia batua".

Madrilen inmobilismoak "frustrazio sentimendua" handitu dezakeela dio. "Badirudi, ETAk borroka armatua utzi zuenetik, Espainiako Gobernuak ez diola ezeri beldur". Politika hori "arriskutsua" dela uste du Hazanek, eta Gobernuak urratsak eman beharko lituzkeela, aurrez aipatutako espetxe-politikan adibidez.

"Franco hiltzean, Ahanzturaren Itunaren gainean eraiki zen trantsizioa. Orain, bigarren trantsizioak hamarkadatako gatazka ixtea bilatzen du. Eta trantsizio honetan, aurrekoan ez bezala, ahanzturarik ez da izango. Aitzitik, erantzukizunak onartu beharko dira.

"Ez da egia biktima guztiak alderdi politiko baten estoldetan daudenik"

"Biktimak beti dira talde esanguratsua munduko edozein gatazkaren konponbidean. Alta, ez dute sekula talde homogeneoa osatzen, eta euskal gatazka ez da salbuespena horretan". 2012ko uztailean ARGIAri eskainitako elkarrizketan egin zituen adierazpenok Hazanek: "Ez da egia biktima guztiak alderdi politiko baten estoldetan daudenik, nahiz eta alderdi politiko guztientzat biktimen instrumentalizazioa oso tentagarria izan. Biktima bakoitzak dauka bere historia, bere ideologia, bere ingurua, eta pertsonak diren neurrian, garapen bat izan dezakete. Horregatik, oso garrantzitsua da biktima guztien sufrimendua onartzea".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal bake prozesua
Epaiketa
Parisek armagabetze prozesuan "kooperatu" zuela argitu du Fekl Barne ministro ohiak

ETAren armagabetzea bideratzeko, bakegileekin lankidetzan aritu ziren Frantziako autoritateak. Hala adierazi du Matthias Fekl Barne ministro ohiak asteartean, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan, Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Txetx Etcheverry-ren aurka egiten ari... [+]


2024-04-02 | Leire Artola Arin
Molle eta Etcheverry bakegileek Parisko Auzitegian defendatu dute ETAren armagabetzea zutela helburu

ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi... [+]


Atristain eta Inziarteren kartzelatzeekin hirugarren gradua fiskalaren esku dago, espetxearen esku egon beharrean

Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli ziren joan den martxoaren 13an, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzak haien hirugarren graduei fiskaltzak jarritako helegitea onartu ondoren.


Blokeo egunaren harira, gibelapenezko 800 euroko isuna jaso dute bederatzi bakegileek

Otsailaren 2an epaituko dituzte beste hamaika bakegile, uztailaren 23an autopista blokeatzeagatik. Elkarretaratzera deitu du Bake Bideak, datorren ostegunean 13:00tan jarriz hitzordua Baionako auzitegi aitzinean.


2022-11-15 | ARGIA
Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu dute, euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko

Etxera bidea gertu lelopean manifestazio bateratua egingo dute Sarek eta Bake Bidea-Bakegileek, pandemiagatik bi urtez mobilizazio jendetsu hori egin gabe egon ostean. “Duintasuna eta bizikidetza lortzeko itxaropena” ere izango dituzte aldarri, euskal presoen... [+]


Eguneraketa berriak daude