Laura Perez: "UPN, PSN eta PPN instituzioetatik kanporatzeko ordua da"

  • Primarioak egiten ari dira Nafarroako Podemosen eta Laura Perez Nafarroa Aldatu Ahal Dugu hautagaitzako burua da. Iruindarra da, 34 urte ditu eta gaur egun euskara irakaslea da Lizarran. Espainiako Felipe Erregearekin –printze zenean– Iruñean izandako elkarrizketa honek egin zuen ezagun.

     


2015eko otsailaren 10an - 11:53
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Nafarroa osoan bermatu behar da hezkuntza euskaraz eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea". (Arg.: X. Letona).

Nola ikusten duzu Nafarroako zuen primarioen prozesua?

Oso interesgarria izaten ari da. Irabazi edo ez gure helburua betetzen ari gara, politikaz hitz egiten ari garelako eta ez, orain arte bezala, bakarrik alderdi berri baten osaketa gaiez. Gure alderdia oso plurala da eta orain arte politikatik urrun ibili den jendea erakartzeko ahalmena erakusten ari da.

Azkenean Podemos bere izenarekin aurkeztuko da Nafarroako Legebiltzarreko hauteskundeetara?

Gu Podemos izenarekin aurkeztearen aldekoak gara. Nafarroak Ahal Du hautagaitzak, aldiz, beste izen batekin aurkeztea proposatzen du Estatu mailako estrategiak ez kaltetzeko. Guk uste dugu gure helburu programatikoak eta alderdia antolatzeko berdinak direla Estatuan eta hemen eta, beraz, ez dugula Podemosen izena ezkutatu behar. Ez da taburik egon behar eta ez zaio beldurrik izan behar edozelako eztabaidari.

Nafarroako gaiak eta itunak bertan erabakiko dira ala Estatuko Podemosek erabakiko du?

Alderdiko araudi etikoaren arabera, lurralde bakoitzeko batzarrak subiranoak izango dira eta haiek erabakiko dute. Hala ere, hainbat itunek Podemoseko estrategia orokorra kaltetu badezakete, idazkari nagusiak edo estatuko zirkuluen %25ak proposatu dezakete erabakia estatu mailan hartzea. Baina kasu horietan ongi oinarritua egon behar da eta hala ez bada eskaera horiek inpugnatu daitezke.

Badirudi gobernua osatzeko lehia estua izango dela. Itunetan zuen jokaera zein litzateke?

Erabaki hori Nafarroako Herritarren Batzarrak hartuko luke, baina eztabaida hori gaurdanik plazaratu behar da eta gure proposamena da gure helburuekin bat egiten duten indarrekin aldaketa gauzatzea. UPN, PSN eta PPN behingoz alboratzearen alde gaude, haiek ekarri baikaituzte egun bizi dugun egoera tamalgarrira.

Eta Joan Josep Boschen hautagaitzak ez luke egingo berdina? Mesfidati ikusten zaituztet.

Ez du esaten zer egingo lukeen eta horrek mesfidantza sortzen du. Gure ustez orain da gai hori plazaratu eta eztabaidatzeko unea. Orain arte ez da garbi azaldu itunena eta herritarrek badute hortaz eztabaidatu eta zer pentsatzen dugun jakiteko eskubidea.

Zuek argi diozue gai sozialak direla zuen lehentasuna. Oso labur esanda, zeintzuk dira zuen oinarriak.

Eredu sozial, ekonomiko, produktibo eta energetikoaren aldaketa sakonaren aldekoak gara. Interes pribatuaren gainetik izango diren kalitatezko zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten dugu. Besteak beste, aberastasuna banatzeko zerga politika progresiboa nahi dugu, zorraren auditoria, banka publikoa eta urgentziazko enplegu plan bat egitea.

Zuen proposamenean, Nafarroa subjektu politiko gisa definitzen duzue. Zer egiteko?

Estatuaren deszentralizazio eta demokrazian sakontzeko tresna gisa ulertzen ditugu foruak, Nafarroaren autogobernua bermatzeko tresna dira. Badira oraindik eskuratu gabeko eskumenak herri administrazioaren eremuan, alor zibilean, zerga esparruan… Herritarren ongizatea bermatzen laguntzeko tresnak dira, eta besteak beste, ez dira eskuratu UPNk helegiteak jarri dituelako halako neurri ugariren aurka.

Horrez gain, Euskadi eta Akitaniako lurraldeekin harremanak indartzearen aldekoak gara, beti ere nafarren erabakian oinarrituta. Prozesu konstituziogile berri bat ireki behar da. Estatuan autonomia estatutu guztiak bozkatu ziren, hemen ez, beraz, egungo markoa zalantzan jar liteke. Euskadiko Podemosekin ere harreman bereziak izan nahi ditugu, haiekin kultura bera partekatzen dugu eta.

Euskarak ofiziala izan beharko luke Nafarroa osoan?

Gure ustez Nafarroa osoan bermatu behar da hezkuntza euskaraz eta zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea. Ez da ezer behartu behar, baina euskara Nafarroako hizkuntza da, gure hizkuntza, eta beraz, gure eskubidea ere bai. Motibazioaren bidez euskara Nafarroa osora sustatu beharko litzateke pixkanaka.

Nola bideratzen ari da bake prozesua?

ETAk armak utzi zituen eta, beraz, oso eszenatoki interesgarria ireki da Euskal Herria eta estatu osoarentzako, baina ez zaio egoera horri behar bezala erantzun. Giza eskubidearen aldekoak gara, bizikidetza defendatzen dugu, biktimen eskubideak, presoenak… Azken finean, guk memoria historikorako nahi ditugun oinarrien aldekoak gara hemen ere: egia, justizia eta erreparazioa. Duela aste batzuk presoen abokatuen aurka izandako operazioen gisakoak, adibidez, ez dira onargarriak.

Tentsioa ere nabaritzen da Boschen ez zuen zerrendaren artean. Izango du honek ondoriorik gerora?

Ezetz espero dut. Nik estimu handia dut beste hautagaitzan dagoen jende askorekiko, eta harreman pertsonaletan oinarritu izan banintz, akaso han nengoke, baina nahiago izan dut printzipio politikoetan oinarritzea eta horregatik egin dut apustu Nafarroa Aldatu Ahal Dugu-ren alde. Bada ordua UPN, PSN eta PPN instituzioetatik kanporatzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Podemos
2024-04-22 | ARGIA
Pilar Garrido (Ahal Dugu-Aliantza Berdea): "Emaitza txarrak lortu ditugu eta hala aitortzen dugu"

Ahal Dugu izan da gaurko galtzaileetako: ez du ordezkaritza politikorik lortu. Inkestek iragartzen zioten aukera hori, baina baita eserleku bat edo bi lortzeko aukera ere. Azkenean ez du lortu eta alderdi moreak kolpe gogorra jaso du.


Ahal Dugu eta Sumar bananduta aurkeztuko dira Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Lander Martínez Sumarreko bozeramaileak egintzat eman du banaketa eta Alba García alderdi horretako lehendakarigaiak ere ez du gaur gaurkoz posible ikusten koaliziorik.


Bilboko eraso homofoboa Legebiltzarrera iritsi da

Santomasetan bi homofobok sudurra apurtu zioten 23 urteko gazte bati eta kasu horren harira hainbat galdera egin dizkio Elkarrekin Podemos-IUk Eusko Jaurlaritzari, LGBTfobiari aurre egiteko neurrien inguruan. Bilboko EHGAMek ere badu zer esana: "Zisheteronorma babesten... [+]


Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez

Euskadiko Podemosen koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Sumarren Gipuzkoako zerrendaburua izan zena Espainiako hauteskundeetan, koaliziotik kanpo aurkeztearen alde mintzatu da Eusko Legebiltzarreko datozen bozketei begira. “Euskadiko jendea mobilizatzeko balio du... [+]


Inbestidura prozesua ezusteko gabe igarota, Chivitek Nafarroako lehendakari kargua hartu du

11:30ean izan da kargua hartzeko ekitaldia Nafarroako Parlamentuan, eta gonbidatu gisa joan dira hainbat ordezkari politiko, tartean Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria. Kontseilari berriak ere izendatu dituzte: lau Geroa Baik gidatuko ditu eta bat Zurekin Nafarroak;... [+]


Eguneraketa berriak daude