argia.eus
INPRIMATU
Laudion funtzionario bat euskara ikastetik salbuetsi duten epaien aurka aterako dira kalera
  • Gasteizko auzitegi batek ebatzi zuen 45 urtetik gorako Laudioko Udaleko funtzionarioa salbuetsita dagoela euskara maila egiaztatzetik. EAEko Auzitegi Nazionalak sententzia horren alde egin du aurreko astean, eta ostegunean protestarako deia egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko euskalgintzak; 18:00etan Laudioko plazan.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 21a
2022ko otsailean eginiko mobilizazioko irudia // Argazkia: Aiaraldea

Urtebete igaro da hizkuntza eskakizuna betetzeari uko eginda Laudioko Udaleko funtzionariak lanpostua galdu zuenetik. Funtzionarioak euskara “hizkuntza zaila” zela argudiatu zuen, eta Gasteizko auzitegiak arrazoia eman eta ebatzi zuen langile horrek 45 urte baino gehiago zituenez, “ezin zitzaiola euskara mailaren ziurtagiririk eskatu”. Hori dela eta, Laudioko Udalak jakinarazi zuen helegitea jarriko zuela ebazpenaren kontra, eta horren gaineko sententzia iritsi zen iragan astean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du helegitea, eta irizpide nagusi baten berri eman du: 45 urtetik gorako funtzionario denak salbuetsita daudela euskara maila egiaztatzetik.

Euskalgintzako eragileen artean haserrea piztu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken ebazpena jakiterakoan. Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko euskalgintzak “euskarafobotzat” jo dute epaia, eta 2022ko otsailean egin bezala “euskararen aurkako oldarraldiaren” barruan kokatu duten “ebazpen judizialaren aurka” mobilizatuko dira gaur osteguna, hilak 21, arratsaldeko 18:00etan Laudioko plazan. Hala adierazi dute Aiaraldeko euskalgintzako kideek: “Iragan azaroaren 4an Bilbo bete genuenak gara eta berriz ere irekiko dugu aterkia euskarafobia eta eskubideen aurkako erasoen kontra”.