Ia 6.500 euroko isuna ere eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. 2020ko abenduan Donostiako Poliklinikara Martuteneko preso bat eramatean izan zuten eztabaida erizainak eta ertzainak.
Diario Vascok adierazi duenez Gipuzkoako Fiskaltzak lau urteko kartzela-zigorraz gain 6.480 euroko isuna eskatu du. Horrez gain, lau urtez lanbidean jarduteko desgaitzea eskatu dute. Epaiketa uztailaren 12an egingo da Gipuzkoako Probintzia-Auzitegian. Gertakariak 2020ko abenduaren 11n izan ziren. Ertzainak eta erizainak eztabaida eduki ondoren, gizonak erizaina salatu zuen emakumeak identifikatzeari behin eta berriro uko egiten ziolako, bien artean borroka bat izan zelako eta bere jarrerarekin hertsatu nahi zuelako. Fiskaltzak ondokoa ziurtatu du: “Salatutako gertaerak ez ziren jazo”.
Gipuzkoako Fiskaltzak adierazi duenez, 12:30ak inguruan Martuteneko preso bat Donostiako Poliklinikara tratamendua jasotzera eraman zuten Hernaniko komisalgoko ertzainak eta bere kideak. Bertan izan zen ertzainaren eta erizainaren arteko eztabaida. Eztabaida bien arteko desadostasun batengatik izan zen, ertzainak zailtasunak ikusten zituelako presoa segurtasun-baldintzetan zaintzeko momentuan. Ertzain bikotea beste birengatik ordeztu zen, eztabaidari amaiera emanez.