argia.eus
INPRIMATU
Lau kidek osatutako Lehendakaritza Kontseilua proposatuko dio JxSík CUPi
  • Junts Pel Sí-k lau pertsonak osatutako lehendakaritza kontseilu bat eratzea eskainiko dio CUPi, Ara egunkariak jakinarazi duenez. Artur Mas, Oriol Junqueras, Neus Munté eta Raül Romeva lirateke kontseilukideak.

ARGIA @argia 2015eko azaroaren 26a
Romeva, Junqueras eta Mas Kataluniako Legebiltzarrean. (Argazkia: Ara). Romeva, Junqueras eta Mas Kataluniako Legebiltzarrean. (Argazkia: Ara).

Proposamena ostiralean edo larunbatean egingo lioke CUPi, honek igandean duen nazio eztabaidari begira, eta haren oinarriei zuzendua. Lehendakaritzarako bigarren inbestidura saioan ere JxSí-k egin zuen jada lehendakaritza bateratuaren proposamena eta ez zen nahikoa izan CUPek Masi jarritako ezezkoa gainditzeko.

Oraingoan, Arak dioenez, proposamenak lidergo konpartituaren ideian sakonduko luke, Masen figurak indarra gal dezan. Mas bera litzateke formalki hautatutako lehendakaria, baina gobernuaren jarduna hiru zatitan banatuko litzateke eta horietako bakoitza zuzenduko lukete Junquerasek, Munték eta Romeva. Laukote honek osatutako Lehendakaritza Kontseiluak bideratuko luke egunerokoan gobernua eta bi astez behin egingo litzateke kontseilari guztiak bilduko lituzkeen kontseilu exekutiboa.

Junqueras litzateke Ekonomia eta Ogasun Saileko buru eta berak zuzendutako batzordea arduratuko litzateke Enpresaz, Gizarte Gaiez, Nekazaritzaz eta Lurraldeaz. Neus Munté Lehendakaritzako kontseilaritza litzateke eta Ongizatea, Osasuna, Hezkuntza eta Kultura koordinatuko lituzke. Raül Romeva litzateke Atzerri Gaietarako kontseilaria eta bere ardurapean leudeke Barne Saila, Gobernazioa eta Justizia.

Arak argitaratu duenez, hala ere, JxSík ez du esperantza handiegirik Espainiako hauteskunde orokorren kanpaina hasi aurretik –abenduaren 4an– CUPek akordioa onartuko duenik. Hala balitz, negoziazioek etena izan dezakete hauteskunde ostera arte. Urtarrilaren 3rako akordiorik ez balego, Legebiltzarra desegingo litzateke eta martxorako hauteskunde berriak deitu beharko lituzke jarduneko lehendakari Artur Masek.