argia.eus
INPRIMATU
Lau gizon atxilotu dituzte asteburuan genero indarkeriagatik Araban
  • Ostiralean, 19 eta 23 urteko bi mutil atxilotu zituzten Gasteizen, bi emakumeri eraso egiteagatik; larunbatean, berriz, beste gizon bat bere bikotekidea labanaz zauritzeagatik; eta igandean, gazte bat, amari mehatxu eta eraso egiteagatik.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2019ko irailaren 24a

Gasteizko Udaltzaingoak lau gizonezko atxilotu ditu, azken egunotan, genero indarkeriagatik. Ostiralean, 19 eta 23 urteko bi mutil atxilotu zituzten; bat Zaramaga kalean, autobus-markesina batean emakume bati eraso egin ondoren; eta bestea, Sansomendi auzoko bere etxebizitzan, bikotekideari eraso egiteagatik. 

Larunbatean, berriz, 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten poliziek, bere bikotekidea labanaz zauritzeagatik. Gamarrako Atea kalean jaso zen erasoa. Gizonak emakumeari laban batekin mehatxu egin zion eta zauri txiki bat eragin zion ere esku batean. Poliziek ospitalera eraman zuten biktima, eta ondoren, Agirrelandako polizia-etxera, zegokion salaketa jar zezan. Atxilotua epailearen esku jarri zuten.

Azkenik, igandean goizean, poliziek 25 urteko gazte bat atxilotu zuten, amari eraso egiteagatik. Larunbatean arratsaldean eraso egin omen zion semeak amari; eta emakumeak igandean goizean, gaztea lanera joan zela aprobetxatu zuen, 092 zenbakira deitzeko. Ondoren, salaketa jarri zuen semearen kontra, Agirrelandan. Udaltzainek  erasotzailea atxilotu zuten.