argia.eus
INPRIMATU
Bost eraso matxista jazo dira ostirala eta astelehena bitartean
  • Portugalete, Sestao, Donostia eta Lazkaon gertatu dira erasoak. Horrez gain, abenduaren 31n bere bikotekideari eraso egiteagatik, bosgarren kasu baten gaineko eginbideak ere abiatu dituzte.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 08a
Eraso matxisten kontrako elkarretaratzea (Argazkia: Uriola.eus)

Lehen erasoa urtarrilaren 4ean jazo zen, ostiralean, Portugaleten (Bizkaia). Erasoa pairatu duen emakumeak Ertzaintzak Muskizen duen komisaldegira jo zuen larunbatean, eta aurreko egunean gertatutakoaren berri eman. Polizia agenteek 30 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Portugaleten bertan. Emakumea ospitalera bideratu zuten, zituen zauriak artatzeko.

Larunbat arratsaldean abiatu ziren abenduaren 31n gizon batek bere bikotekideari egindako erasoaren gaineko eginbideak ere. Erasoa pairatu zuen emakumearen arabera, 37 urteko gizonezkoak Areatzeko (Bizkaia) etxebizitza batean egin zion eraso. Zituen zauriak tarteko, ospitalean artatu behar izan zuten.

Igande gauerdian beste eraso bat jazo zen Sestaoko (Bizkaia) etxebizitza batean. 56 urteko gizonezkoak bere bikotekidea iraindu eta kolpatzeari ekin zion, eta emakumeak etxetik alde egin bazuen ere, atzetik jarraitu eta kalean kolpatzen jarraitu zuen. Ertzaintzak goizaldean atxilotu zuen erasotzailea.

Domeka goizean Donostian egin zion eraso gizon batek emakume bati. Lekukoek jarri zuten Ertzaintza jakinaren gainean, eta azaldutakoaren arabera, gizonezkoak emakumea iletik heldu eta kalean arrastaka eraman zuen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen 36 urteko erasotzailea.

Astelehen goizaldean Lazkaon (Gipuzkoa) jazo zen beste eraso bat. 49 urteko gizonezko batek bikotekide ohiari eraso egin zion. Emakumeak bertaratutako ertzainei adierazitakoaren arabera, etxebizitzan jazo zen erasoa, eta gizonak bere hainbat gauza bota zituen leihotik behera. Agenteak etxebizitzan atxilotu zuten erasotzailea.

Astelehen gauez, bestetik, adingabe bat bortxatzen saiatu du 24 urteko gizonezko bat Donostian. Emakumeak ihes egitea lortu du, eta Udaltzaingoak erasotzailea atxilotu du, sexu eraso delitua leporatuta.