argia.eus
INPRIMATU
Lau dokumentalek eta hiru fikziok osatuko dute Kimuak film laburren katalogoa
  • Epaimahaiak izendatu ditu dagoeneko 2013ko Kimuak katalogoa osatuko dituzten film laburrak. Zazpi dira denera, 75 proposamenen artean aukeratuak, eta dokumentalek protagonismo berezia izango dute. Uzta berria datorren irailean aurkeztuko da ofizialdi, Donostiako Zinemaldian. Hona hautatuen zerrenda.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko ekainaren 18a
'Colera' filmaren irudia.

A Political Story. Lander Camarero bilbotarrak zuzendutako dokumental faltsua da eta Palestina NBEn Estatu Behatzaile gisa onartzeko hainbat herrialdek aurka bozkatu izana du oinarri. What about Columbus dokumentala zuzendu zuen Camarerok, 2011n.

Cólera. Luis Tosar protagonista duen lan honetan, herria saiatzen da bere gaitza ezabatzen. Aritz Moreno donostiarra da zuzendari, Bucle filmaren egilea, besteak beste.

Democracia. Sistema politiko honi buruzko "komedia karmikoa" egin du Borja Cobeaga zinegile donostiar ezagunak.

Hotzanak, For Your Own Safety. Izinebe Oñederra azkoitiarraren hirugarren animazio lana da. Artelekuko irudi laborategian egin du, beste hainbat artistekin batera, eta kontrolak identitate pertsonalean duen eraginaz gogoetatu du, edozein bihurtu daitekeelako gaizkile.

Minerita. Raúl de la Fuente iruindarrak egina, dokumentala da Minerita: Boliviako meatze-gune bateko emakumeek egunero pairatzen dituzten arriskuen testigantza jasotzen du filmak.

Una hora, un paso. Dokumental fikzionatua da Aitor Iturriza donostiarrak Bernat Gual mallorcarrarekin batera egindakoa. Egipton heriotza zigorra jaso zuen Juan José González Beltrán preso ohiaren historia da ardatza.

Zela Trovke. Izen bereko abesti eslovakiarra du abiapuntu Asier Altuna Bergarako zuzendariaren dokumentalak. Jada bost aldiz hartu du parte Kimuak katalogoan zinegile ezagunak. Oraingoan, Moritat izenez ezagutzen den abesti generoaz dihardu; erailketak kontatzen dituzte, abestien bidez.