argia.eus
INPRIMATU
Lasserre senatariak ikastolen finantzazioa debekatzen duen Falloux legea zuzentzeko eskatu du
  • Jean-Jaqcues Lasserre senatariak hezkuntza zentro pribatuen finantziazio publikoa debekatzen duen Falloux legea zuzentzeko eskatuko du hurrengo asteko bilkuran.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko maiatzaren 08a
Jean-Jacques Lasserrek Parisko Senatura eraman du Falloux legearen eztabaida (argazkia: larepubliquedespyrenees.fr)

Senatariaren adierazpena Hendaiako ikastolaren eraikuntza prozesuan izandako tirabiren harira dator. Izan ere Patrick Dallennes Baionako suprefetak Hendaiako udalari gutun bat bidali zion ikastola Falloux legearen ondorioz ezin zutela finantzatu oroituz. Horren aurrean herriko kontseiluak ikastola finantzatzearen alde bozkatu zuela ikusita, Parisko ordezkariei dagokie orain erabakia hartzea.

Lasserrek hezkuntza zentro pribatu eta laikoen finantzazio publikoa ahalbidetu nahi du, bereziki Estatu frantziarreko eskualde hizkuntzak erakusten dituztenak, ikastolak bezala. Parisen, aldiz, iritzia bestelakoa da, eta konponbidea zaila.

Hasiera batean Lasserrek ekimen parlamentario baten bidez legearen egoera eztabaidatzea proposatu zuen, baina ez zen gauzatu. Oraingoan, zuzenean Senatura zuzenketa baten eskaera bidaltzea erabaki du. 18. artikuluan eskatu du zehazki zuzenketa: herri, departamendu eta eskualdeei eskualde hizkuntzen irakaskuntzan sostengua emateko aukera ahalbidetzea.

Proposamena hurrengo astean, maiatzak 14, aztertuko da Kultura, Hezkuntza eta Komunikazio bilkuran. Bertan zuzenketa onartuz gero, Senatuan bozkatuko da maiatzaren 21ean.