argia.eus
INPRIMATU
“Las Hayas bezalako zentroetako kudeatzaileak dirua irabaztera datoz, ez dute bizitza kalitatea hobetzeko asmorik”
  • Desgaitasun intelektuala duten pertsonei arreta integrala emateko zentro bat da Las Hayas. Erabiltzaileen senide eta tutoreen elkarteko kideek salatu dute atzera egiten ari direla lortutako eskubideetan.

Olaia L. Garaialde 2025eko azaroaren 28a
Las Hayas egoitza.

Nafarroan soilik lau zentro publiko daude desgaitasun intelektuala duten pertsonei arreta integrala emateko. Horren adibidea da Sarriguren herrian dagoen Las Hayas zentroa. Desgaitasuna dela eta laguntza eta arreta sakona behar duten hirurogei pertsona bizi dira han. Horrez gain, beste hamar lagunek eguneko zetro bezala erabiltzen dute. Mari Carmen Villanuevaren, Juan Díaz de Cerioren, Pili Yoldiren eta Olga Garateren seme-alabak bertan bizi dira. Las Hayas zentroko erabiltzaileen senideen eta tutoreen elkarteko kide dira laurak. Hamar urte baino gehiago daramatzate desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideak aldarrikatzen.

Las Hayas zentro publiko bat da, baina kudeaketa lehiaketara ateratzen dute. 2024ko otsailetik Grupo 5 enpresak kudeatzen du zentroa. Osasun mentalarekin, menpekotasunarekin, zahartzaroarekin eta beste kontu sozial askorekin zerikusia duten zentroak kudeatzen dituen enpresa bat da. Elkartearen datuen arabera, Nafarroan, desgaitasun intelektuala eta behar handiak dituzten eta arreta jasotzen duten 483 pertsona daude. Grupo 5 enpresa pertsona horien gehiengoaren arretaz arduratzen da; hain zuzen ere %81az. “Putre funts batek darama kudeaketa”, esan du Garatek.

"Askok ez du deus esan nahi semea edo alaba zentrotik botatzearen beldur direlako"

Orokorrean langileekin oso kontent daude, eta ez dute inongo arazorik. Kontrara, Yoldik salatu du kudeatzailea aldatu zenetik arretaren kalitatea “nabarmen jaitsi” dela: “Batez ere janariaren kalitatean eta kantitatean sumatzen dugu aldea. Horrek gose arazoak eta elkarri janaria lapurtzea eragin du”. Villanuevak gaineratu du janaria “horren txarra” denez erabiltzaile batzuk asko argaldu direla eta beste batzuk puztu. Díaz de Ceriok esan du urteekin eskubideetan atzera egiten ari direla: “Azken aldian aldarrikatzen ari ginen aisialdia eskubide unibertsal bat dela, baina lortutako eskubideetan ikaragarrizko atzerakada egin dugunez, orain berriro ere gure seme-alaben arretaren eta elikaduraren kalitateak kezkatzen gaitu”.

Kexatu diren arren, ez dute aldaketarik sumatu. Gainera, informazio gutxi dute jaten dutenaren inguruan, zentroan bizi diren pertsonen gehiengoak ez duelako hitz egiten. Horrez gain, langileek klausula batengatik ezin dute deus esan. Halere, badakite arroz eta pasta asko jaten dutela, eta adibidez, zopak ia soilik ura darama. Díaz de Ceriok esan du senide asko kexatzearen beldur direla: “Askok ez du deus esan nahi semea edo alaba zentrotik botatzearen beldur direlako”.

Egoitza hamar pertsonez osaturiko unitateetan antolatuta dago, eta gustu eta beharren arabera elkartzen dituzte. Bakoitzak gela eta komun propioa dauka eta unitate bakoitzeko egongela eta jantoki bana. Euren seme-alabak dauden unitatean bi pertsona eta erdi daude hamar pertsona artatzeko. Elkarteko kideen arabera, ratioak “baxuak” dira, eta erabiltzaileen artean liskarrak daudenean ezin dute behar bezala erantzun.

Gauean, langile kopurua jaitsi egiten da, eta guztira lau zaintzaile daude. Horietako bat, batez ere, oheratuta dauden pertsonez arduratzen da. Díaz de Ceriok azaldu du hori dela eta gainerako berrogeita hamar pertsonentzako hiru zaintzaile geratzen direla: “Horrek esan nahi du norbait itotzen bada, bi ordu igaro daitezkeela zaintzailea ohartu arte”. Pandemian, unitate batetik bestera ez pasatzeko, zaintzaile bana jarri zuten unitateko: “Lehengo eredura itzuli dira, ordaindu dezaketenaren gainetik ari zirelako. Horrelako zentroetako kudeatzaileak dirua irabaztera datoz. Ez dute bizitza kalitatea hobetzeko asmorik”.

Garatek dio zentroa “oso modernoa” dela, baina edozein gauza apurtzen bada ez dagoela konpontzeko dirurik: “Neguan berokuntza sistema apurtu zen, eta hiru astez egon ziren ur berorik gabe. Udan aldiz, aire giroturik gabe”. Kanpora ateratzeko egokitutako hiru furgoneta zituzten, baina orain bi besterik ez dira geratzen eta oso egoera txarrean. Hori dela eta pertsona asko ezin dira zentrotik atera.

Sentitzen dute "baztertuta" eta "zokoratuta" daudela desgaitasun intelektuala duten pertsonak, eta maiz horrelako zentroen bidez ezkutatu egiten dituztela

Kalera ateratzeko premia

Unitate bakoitzak programazio propioa dauka, baina elkarteko kideen arabera errutina falta da. “Bizigarriak diren bizitzak izatea nahi dugu, eta ez geratzea bazter batean”, esan du Yoldik. Horregatik, elkartea ibilaldiez, musikoterapiaz eta horrelako gauzak programatzeaz arduratzen da. Zentroan jarduerak egiten dituzte, baina Díaz de Cerioren arabera, dena “oso programatua” dagoenez, tarte gutxi izaten dute: “Jarduera batek igual berrogei minutu irauten ditu, baina denak alde batetik bestera eraman behar badituzte denbora gabe geratzen dira”. Eskoletan haurrak eta gazteak komunikatzeko piktogramak egoten dira, baina egoitzan egon badauden arren, salatu dute ez dagoela behar beste denbora ongi erabiltzeko: “Beti korrika dabiltza eskuak falta zaizkielako”.

Kalera gehiago atera ahal izateko, eta etxean gotortuta ez egoteko, ortu terapeutiko bat sortzea du helburu elkarteak. Hamar urte daramatzate Eguesibarreko Udalarekin negoziatzen, egoitza parean dagoen zelai bat egokitu nahian, baina ez dute lortzen. Asmoa da espazio ireki bat izatea eta zentroan dauden pertsonek lurrarekin jolasteko eta eguzkitan egoteko aukera izatea. Villanuevak uste du ortua bizilagunekin egoteko eta desgaitasun intelektuala ikusarazteko aukera bat dela: “Nahita jarri zuten zentroa herriaren beste puntan. Duela urte batzuk jendeak ez zekien zer zen zentroa”.

Sentitzen dute “baztertuta” eta “zokoratuta” daudela desgaitasun intelektuala duten pertsonak, eta maiz horrelako zentroen bidez ezkutatu egiten dituztela. Gaineratu dute horrelako egoitzen eredua “zaharkitua” dagoela, eta desagertzen joan beharko litzatekeela. Izan ere,  beharrezkoak diren egoitzen eta laguntza guztiak dituzten etxebizitza edo pisu “txikiagoen” alde egiten du elkarteak. “Idealena litzateke hori. Sarasate pasalekuan adibidez, bat dago, eta horrela kalean ere ikusten ditugu”, esan du Yoldik.