argia.eus
INPRIMATU
Larunbatean elkarretaratzea Kanbon Marieniako lurretan etxeak eraikitzearen kontra
  • Nahi dugun Herria elkarteak, Lurzaindiaren sostenguz, manifestazioa deitu du larunbaterako Kanbon, Marienia baserriaren lurretan Bouygues multinazionalak etxe berriak eraikitzeko daukan proiektua salatzeko.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 02a
Marienea etxaldearen lurretatik abiatuta Kanboko udaletxeraino joango dira larunbateko mobilizazioan. Argazkia: Lurzaindia

ELB, Lurzaindia, CADE eta Nahi dugun Herriak larunbaterako egin du elkarretaratzeko deia, Iparraldean eta bereziki Lapurdin lurraren espekulazioak daraman abiadaren adibideetakoa den Marieniaren lurretan, Kanbon. Goizeko 10:00etan lekuan elkartu eta Kanboko udaletxeraino joango dira, operazioa geldi dezaten eskatzeko.

Lurzaindiak udan azaldu zuenez, Bouygues konpainiak lur jabeekin adostua dauka hiru milioi eurotan erostea eremua, bertan 100 etxebizitza eraikitzeko. Espekulazioaren aurka borrokatzen diren CADE eta Nahi dugun Herriak bi helegite jarri zituzten, beste arrazoien artean salerosketa honek udala konprometitzen duelako PLU herri ordenamendu plana aldatzera. Helegiteen ondoren elkarteek salatu dute konpainiak idatzi ziela beren ekimenean atzera egin zezaten presionatuz.

Ez dute presiorik onartu, hala ere, eta jarraitzen dute operazioari hesia jartzeko ahaleginean: “Hiri inguruetako nekazaritza larri dabil eta lagundu egin behar zaio, lurren artifizializazioa eragotziz. Bistakoa da bizilekuak falta direla, bereziki sozialak, baina ikusita zenbat etxebizitza dagoen hutsik edo bigarren etxebizitza bihurturik, eta jada hiritartutako eremuetan zenbat hutsune diren, ez ote da beste soluziorik? Politikarien eta herritarren aldetik konpromiso politiko baten beharra dago”.

Marieniako lurrek nekazaritzarako balio handia dute eta ezin dira betirako galtzen utzi, laborantzan eta mozkinen transformazio eta komertzializazioan eman ditzakeen lanpostu guztiekin. Eta beste aldetik, Kanboko ateetan 13 hektarea lur artifizializatzeak ondorio larriak lekarzke ingurumenari dagokionean: lurzoruaren inpermeabilizazioa,  uholde arriskuen handitzea, lurpeko uren kutsatzea…”Eraikuntza operazio honek talka egiten du gaur mundu guztiak klimaren berotzearen kontra daraman borrokarekin”.