Martxoaren 20an abiaturik, apirilaren 8a arte ariko dira antolatzaileak euskaltzaleen eta abertzaleen ametsak kutxa horretan batzen. Zazpi probintzietako 70 bat herri zeharkatuko ditu kutxak, Reauko kartzelatik eta Kataluniatik ere pasaz.
Larunbatean abiatuko da Argentinako Viedma-Patagonesetik Kutxa Bira, eta apirilaren 8a arte eskuz esku, herriz herri eta elkartez elkarte ibiliko da, euskaltzaleen eta abertzaleen ametsak biltzeko xedez. Koronabirusaren izurritea dela eta, euskara, euskal kultura eta herri nortasunaren adierazle diren hainbat besta eta ekimen ezeztatuak izan direlako, galera ekonomikoez gain, izandako "galera sentimentalak" arintzeko asmoz antolatu dute Kutxa Bira ekimena Iparra-Hegoa elkarteko kideek.
Euskal Herriko 70 herri zeharkaturik, elkarte ezberdinak –Ehun, Altxaporru konpartsa, Gure esku dago, Hernaniko errugbi taldea, Deikazteluko gau eskola, Irungo harrera elkartea, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa, eta beste– juntatzeaz gain, hainbat gai eta aldarrikapen plazaratuko dituzte –Baxoa eta Brebeta euskaraz, Kirol inklusioa elbarrituekin, errefuxiatuei harrera, oroimen historikoa, langileen borroka, erretreta duinak, emakumeen eskubideak, bakean bizitzeko eskubidea, euskal errepublikaren beharra, eta beste–. Horrez gain, Reauko kartzelatik ere pasako da kutxa, baita Kataluniatik ere.
Horra zehazki egunez-egun nondik iraganen den Kutxa Bira: