Larunbatean egingo da gazte mugimenduaren komunikazio jarduna berpentsatzeko topaketa

  • Militantzia komunikatiboa berpentsatu eta eztabaidan jarriko dira tresnak zein proiektuak. Txantxarreka gaztetxean (Antiguo, Donostia) jarri da hitzordua, goizeko 10:00etan.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko maiatzaren 31n - 09:39

Komunikazioan aritzen garen gazteak gara, gazte mugimenduaren baitan komunikatzaile lanaz arduratzen garen militanteak. Ez gara soilik ordenagailu aurrean edo kamera atzean aritzen, hori baino gehiago egiten dugu. Gure lana ez da bi frikiren kontua, guztion ardura izan beharko luke. Izan ere, komunikazioa da irabazteko dugun tresna eraginkorrena.

Kezka sorrarazten digu komunikazioari herri eta gazte mugimenduan ematen zaion trataerak. Jakin badakigu komunikazioa dela jendartea mugiarazten duen motorra, alde batera edo bestera bira egiteaz konbentzitzen gaituen tresna. Hori horrela izanda ere, ez diogu behar beste denbora eta dedikazio eskaintzen. Ez ote gara ari jendarte eraldaketa bultzatzeko dugun tresna eraginkorrenari atera geniezaiokeen zukua komunetik behera botatzen?

Gaur hemen gaudenak kezka horren bueltan bildu garen gazteak gara. Eraikuntza lanetan ari gara gazte dinamikaren baitan dihardugu lanean, eta hausnartzen ari gara gazte mugimenduak komunikazio eredu alternatibo eta eraginkorrak garatzeko egin beharreko bideez. Batzuk jakintza teknikoa dugu, baina beste batzuk ez. Batzuek Kazetaritzan edo Ikus-entzunezko Komunikazioan egi(te)n ditugu ikasketak, baina beste hainbatek Ingenieritzan, Arte Ederretan, Zientzia Politikoetan, Filosofian, Gizarte Hezkuntzan, Arkitekturan eta ustez komunikazioarekin zerikusirik ez duten hainbat disziplinetan. Gazte langabeak ere bagara, edota unibertsitatera joateri uko egin diogunak. Erakutsi nahi dugu komunikazioa ez dela jakintza formal esparru konkretu bati lotutako ardura bat, guztiona dela, norbanako bakoitzaren jarreretan hasten baita. Beraz, militantzia komunikatiboa berpentsatu, birformulatu eta berreraikitzea da gure helburua.

Partida irabazi nahi diegu Euskal Herriko gazteria inkonformista kriminalizatzen duten mass media eta gainontzeko bitarteko komunikatiboei. Era berean, kontziente gara helduen ikuspegitik eraikiak diren tresnek ez dutela guretzat erabat balio. Panorama horren aurrean, ezinbesteko garrantzia du Euskal Herriko gazte mugimenduak bere jarduna ahots propioz kontatzeak, eta pausoak eman nahi ditugu hori lortzeko bidean. Guk geuk kontatu behar dugu nor garen, zer egiten dugun eta nola egiten dugun, gure beharrak erdigunean jarriz eta gu geu izanez gure bizitzetako protagonistak.

Baditugu tresnak bide hori egiteko, baina horien inguruan hausnartu behar dugu ikusteko ea gure helburuak betetzeko egokiak diren. Sumatzen dugu beharra dagoela gazte mugimendu osoak, borroka eremu anitzetan aritzen diren kolektibo eta norbanakoek, horren inguruan eztabaidatzeko.

Orain dugu aukera, eta ardura guztiona da. Gazte mugimenduaren komunikazio jarduna birpentsatu behar dugu. Horretarako, ekainaren 4rako gazte mugimenduaren komunikazio topaketa antolatu dugu. Donostian izango da, eta militantzia komunikatiboaz hausnartu eta tresnen inguruan eztabaidatuko dugu. Topaketa irekia izango da, eta gonbidatuta zaudete gazte kolektiboetan aritzen zareten gazte guztiak, espreski komunikazioan aritzen zaretenak edo ez. Halere, dei berezia luzatzen dizuegu komunikazio proiektuetan edo kolektiboetako komunikazio jardunean aritzen zaretenoi: fanzineetan, irrati libreetan, multimedia komunikazioan, sare sozialetan etab.

Albiste hau Topatuk argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gazte mugimendua
Zestoako gaztetxea husteko agindua eman du epaileak

Eraikinetik ateratzeko agindua eman diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei, eta prozesuaren gastuak ordaintzera zigortu dituzte. Gaztetxearen defentsan mobilizatzera deitu dute igandean, otsailak 4, Zestoako plazatik.

 


Bi gazte epaitu dituzte asteazkenean Zestoako gaztetxearen okupazioagatik

Zestoako Elizondo eraikina gaztetxe berri gisa okupatu zuen Gazte Asanbladak. Eraikina Elizaren jabetzakoa da, eta gotzaindegiak gaztetxearen aurkako prozedura abian du. Protesta ekintzak nagusitu dira azken asteetan, igandean Zestoako elizan, esaterako. Zestoako Udalak adierazi... [+]


2024-01-23 | Gedar
Zestoako Gaztetxearekin elkartasunez, Eliza seinalatzen jarraitzen dute

Zestoako Gaztetxearen kontrako prozedura judiziala mantentzen du Elizak: asteazken honetan izango da epaiketa. Aurreko ostiralean, Gaztetxearen aldeko elkarretaratze bat izan zen Donostiako Artzain Ona katedralean.


Zarauzko gaztetxean lapurreta egin dutela salatu dute

Kontzertuetarako materiala eta baliozko tresnak eraman dituzte.


Eguneraketa berriak daude