Giza Eskubideen errespetua oinarri izango duen elkarbizitzarako gizarte bat aldarrikatu dute gaur goizean osasun alorreko zenbait profesionalek Donostiako ospitalean.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) esaten duena gogora ekarri dute, “pertsona guztien oinarrizko eskubidea da osasunerako eskubidea eta osasun asistentzia duin bat edukitzea”. Horren arabera, adierazi dute pertsonak “ahalik eta osasuntsuen bizi ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak” sortu behar dituztela estatuek eta euren gobernuek.
Hori dela eta, larriki gaixorik dauden euskal presoen kaleratzea eskatu dute, “beharrezkoa zaien osasun asistentzi bat izan dezaten”. Hortaz, Sarek Donostian urriaren 15erako deitu duten manifestaziora gehituko direla adierazi dute, osasun alorreko langileen sinadurak biltzen ari direla gaineratuz.
Egun, hamar dira larriki gaixorik dauden euskal presoak: Jose Ramón Lopez de Abetxuko, Jagoba Codo, Ibon Iparragirre, Aitzol Gogorza, Jesus Maria Martin, Iñaki Etxeberria, Gorka Fraile, Garikoitz Arruarte, Ibon Fernandez Iradi eta Josetxo Arizkuren.