Basozainon funtzio nagusiak dira ingurumena eta landa eremuaren zaintza eta larrialdiei aurre egitea. Zoritxarrez, Gipuzkoan oso pertsonal gutxi eta baliabide zein formazio falta aspalditik salatzen gatozen arren, horri larrialdi batzuen kudeaketa desegokia gehitu behar zaio. Pertsonen desagerpenaren aurrean, esaterako, mendian bertan dauden eta ingurua primeran ezagutzen duten basozainak kontuan ez hartzea ez dago ulertzerik. Tamalez, duela gutxi Aizkorrin desagertutako artzainaren kasua dugu horren adibide garbia. SOS Deiak Zerbitzutik ez zen informaziorik pasa Gipuzkoako Aldundiko Mendietako Irratira. Ulergaitzagoa da, ordea, zonaldeko hainbat basozainek eskainitako laguntzaren aurrean operatiboaren partetik jasotako ezezko borobila.
Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak larrialdiak antolatu, zuzendu eta kudeatzen ditu babes zibileko araudian oinarri dituzten prozedurak jarraiki, erantzun egokia ematen saiatuz. Desagertutakoei dagokienez, basozainak aktibatzekotan geroratuta egin ohi da. Gure ustez lehenengo akatsa, koordinaziorako dugun irratia hasieratik jakinaren gainean ez jartzea da, maiz inguruan egon gaitezkeelako eta bestela eremu hori ziurrenik ondo ezagutzen dugulako. Edozein kasutan, geroratuta aktibatzeak ez luke ordu askotara egitea zertan gertatu. Horrelako egoera larrien berri komunikabideen bidez jakin eta aktibatzeko, orduak zain egon behar izatea gogorra da. Atzerapena, beraz, bigarren akatsa. Horren lekuko duela urte gutxi Jaizkibelen gertatutakoa, desagertutako pertsona baten bilaketarako bi egun pasata mobilizatu izana. Tamalez, familiarekin bilaketan hasi ginela, hura hilik agertu zela komunikatu ziguten.
Pertsonen desagerpenaren aurrean, esaterako, mendian bertan dauden eta ingurua primeran ezagutzen duten basozainak kontuan ez hartzea ez dago ulertzerik
Tarteka, pertsona zauritu edo hildakoen erreskateetan laguntzen dugu zuzenean aktibatzen dituzten talde espezializatuekin batera. Ohikoenak, ordea, bestelako larrialdi motak izaten dira, basoko suteak edo ibai isurketak kasu. Isilpeko ehiza zein arrantzaren kontra aritzen gara, baina irteera arruntenak zauritutako basafaunaren maneiutik datoz. Ongi ez dauden animaliak Aldundiak Urnietan duen Basabizi Zentrora eramaten ditugu. Edozein kasutan, babes zibilarekin zerikusia duen edozein larrialditara gu egokitzea izango lukete. Beste erkidego batzuetan basozainek paper aipagarria jokatu zuten pandemia garaian guneak desinfektatzen, garbitzen, janaria isolatutako etxeetara eramaten edo landa eremuko adineko jendeari zerbitzua ematen. Parte-hartze oso aktiboa izaten dute uholde, haizete edo muturreko beste edozein fenomenoren aurrean, La Palmako sumendiarena kasu. Animalien izurriteekin aritzen gara, hegazti gripea edo orain Katalunian pil-pilean dagoen afrikar txerri izurritearekin gertatzen ari den bezala.
Bereziki aipagarria iruditzen zaigu beste erakunde zein zerbitzu publikoekin dugun elkarlana: Suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila, Gurutze Gorria, DYA, URA… Larrialdien aurrean erantzun egokia emateko prozesuan pieza bat baino ez gara. Hori bai, kasu batzuetan suteak edo ibai isurketak kasu, funtsezkoa. Hortaz, dagokion garrantzia eman beharra eta baliabide pertsonal zein materialak nahiz formakuntza egokia eskuratzeko gure aldarrikapena, denon onurarako baita.
Ez genuke bukatu nahi larrialdi egoerak saihesteko eta ondorioak murrizteko egiten dugun prebentzio lana aipatu gabe. Adibide garbia suarena da, izan ere, erreketa baimenak ematea, horien zaintza eta kontrola basozainen esku baitago. Ohiko jardueran argindar lerroen inguruko mehatxuak zaintzen ditugu, mendiko pista eta bideen egoerarekin egiten dugun bezala, larrialdi zerbitzuen aldetik horien erabilera bermatze aldera. Landa eremuan edozein arrisku topatuta, hura ezabatzeko bideak bilatzen ditugu, pista gainean kuku dauden zuhaitzak kenduz, zuloak seinaleztatuz eta estaliz edo hesituz…
Laburbilduz, larrialdiak artatzea funtsezko eginkizuna da basozainontzat. Horregatik, nekez uler daiteke orain arteko egoera eta aipatutako logikaren aurkako gertakari tamalgarriak. Larrialdiak Koordinatzeko Zerbitzuak Aldundiarekin eta Udalekin batera prozedurak berrikusi beharko lituzke egiten dugun lana aitortuz eta gizartean dugun eta eduki dezakegun paper garrantzitsua aintzat hartuz. Berriki Aldundia basozaintza indartzeko bidean mugitzen hasi dela dirudi, baina egoerak epe ertain-luzera plangintza sakona bezain osoa eskatzen du, basozain kopurua nabarmen handituz eta formakuntza zein baliabide egokiekin hornituz. Kontrakoa, emergentzia zerbitzua larrialdi egoeran uztea litzateke.
Antxon Gomez Lorente (lehendakaria) eta Xabier Rubio Pilarte (idazkaria), Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalaren izenean