Urtarrilaren 1ean jarri zen martxan Frantziako erreforma; ordurarte, erabilitako larrialdi-zerbitzuen arabera ordaindu behar zuen herritarrak, baina aurrerantzean 19,61 euroko gastu finkoa izango dute. Mutualitatea kontratatuta dutenei seguruak ordainduko die kostu osoa edo zati bat, baina halakorik ez dutenek beren gain hartu beharko dute ordainketa.
Osasun larrialdietako gastuen ordainketa “sinplifikatzeko” asmoz onartu zuen Frantziako Legebiltzarrak Gizarte Segurantzaren erreforma. 2022 urtea hastearekin abiatu da neurri berria: Ipar Euskal Herrian 19,61 euro ordaindu beharko da larrialdietako osasun-arreta jasotzeagatik, ondoren ospitaleratzerik ez badago. Mutualitatea kontratatuta duten herritarrei seguruak ordainduko die kostu osoa edo zati bat, baina ez dutenek (Frantziako herritarren %5 eta ikasleen %40) beren poltsikotik jarri beharko dute.
Orain arte ere herritarrek Gizarte Segurantzarekin partekatzen zuten ordainketa larrialdi-zerbitzuak erabiltzeagatik, baina behar izandako kontsulta eta proben arabera gastua aldatzen zen. Aurrerantzean denek kopuru bera ordaindu beharko dute, salbuespen batzuekin: 8,51 euroko kuota murriztua izango dute iraupen luzeko gaixotasunen bat dutenek edota bi heren baino gutxiagoko desgaitasuna diagnostikatuta dutenek, besteak beste. Gainera, zerbitzuak ordaintzetik salbuetsita daude haurdunak, sexu-indarkeria jasateagatik joan direnak, beren organoak emateari lotutakoak eta ezintasun-pentsioa jasotzen dutenak.
France Inter hedabideak jakinarazi duenez, ez du aldaketarik eragingo administratiboki; soilik fakturak bidaltzea azkartuko du, ez delako pertsona bakoitzaren zenbatekoa kalkulatu beharko. Frantziako hedabideak jaso duenez, Arretako Zuzendaritza Orokorrak dio orain arte tramiteak korapilatsuak izaten zirela, eta askotan zailtasunak izaten zituztela fakturak behar zen pazienteari bidaltzeko, eta, beraz, diru hori ez zela eskuratzen. Espero dute erreformarekin 35 milioi euro irabaztea.
Larrialdietara joatea “bi aldiz pentsatzeko”
Frantziako Ospitaleen Federazioko Cécile Chevance kideak France Interri kezka adierazi dio: “Gobernuak larrialdiak arintzen laguntzeko erabili nahi du neurria, eta hara joatea behar-beharrezko ez dutenek bi aldiz pentsa dezaten bultzatuko du”. Izugarria deritzo mutualitaterik ez dutenengan eragin lezakeena, alegia, ordaindu behar izateagatik osasun arreta jasotzea atzeratzea.