argia.eus
INPRIMATU
“Larrialdi sanitario egoera” bozkatuko du Frantziako Parlamentuak ostegun ala ostiralean
  • Astelehen gauean Emmanuel Macron presidenteak aurkeztu neurriak biltzen ditu lege-proiektuak. Besteak beste, konfinamendua, koronabirusagatik zailtasunetan izango diren enpresen laguntzeko neurriak zein herrietako bozketen bigarren itzulia atzeratzeko erabakia.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2020ko martxoaren 19a
Macronen diskurtsoa, martxoaren 16an
Koronabirusaren epidemiak gora egiten duela, “larrialdi sanitario egoera” dakarren lege-proiektua bozkatuko du ostegun ala ostiral honetan Frantziako Parlamentuak. Herritarren askatasunak mugatzeko eskubidea ematen dio gobernuari larrialdi egoerak. Demagun, "gutxienez hamabost egunentzako" erabakitako konfinamenduak dakarren mugimendu askatasunaren mugatzea. Astelehen gauean Emmanuel Macron presidenteak aurkeztu zituen erabaki eta neurriak biltzen ditu testu honek. Lege-proiektua bozkatu bezain laster, dekretu bidez jarriko da martxan "larrialdi sanitario egoera".
 

 

 

 
Beste hainbat neurri dauzka testuak
Enpresak laguntzeko hainbat neurri ere daude zerrendaturik lege-proiektuan, besteak beste, lanaren gelditzeak eta langileen kanporatzeak mugatzeko asmorekin. Adibidez, enpresentzako errentaren pagatzeko epea “atzeratzeko edota denboran hedatzeko aukera” dakar testuak. Noski, koronabirusaren eragin ekonomikoak sentituko dira gobernuaren kutxetan ere. Aurreikuspenei segi, 10,7 miliar euroz apalduko da aurtengo zergen bidezko diru sarrera –293 miliar euro beharrean, 282,2 miliarrekoa izanen dira–-
 
Egoera okertuz doa Frantziako Estatuan, koronabirusaz kutsaturiko eta hildakoen kopurua egunez egun geroz eta lasterrago emendatuz doalarik. Osasun zerbitzuek ezingo dute guztiei arta bideratu eta jada hasiak dira kutsatuen arteko hierarkia egiten: “Ospitaleetan ez dago haientzat (zahar etxeetan dauden adinetakoentzat) lekurik, ahulegiak dira, sendatzeko aukerak dituztenak hartuko ditugu lehentasunez –eta ulergarria da–. Gael Durel Mediku koordinatzaileen eta sektore medikal-sozialeko elkarteko presidentearen adierazpenak dira. Hori horrela, konfinamenduak aitzina segitzen du, gutxienez bi asterentzat.
 
Azkenik, 2015ean bozkatu zuen larrialdi egoera Frantziako Gobernuak, Daeshek bideratu atentatuak eta gero.